Bederatzi herrialdetako arrozen bazkari herrikoia izango da larunbatean, frontoian
Aurretik dantza erakustaldia egongo da, eta ondoren, haurrentzako jolasak, bingoa eta musika emanaldiak. Bihar '11 zapore' pintxo-potea egingo da auzoetako hainbat tabernatan.
Kulturen Arteko VII. Topaketa hasita, larunbatean munduko arrozen bazkari herrikoia izango da Ordiziako frontoian, 14:30etik aurrera. Bederatzi herrialdetako arrozak egongo dira dastatzeko: Nikaraguakoak, Errumaniakoak, Kolonbiakoak, Aljeriakoak, Saharakoak, Nigeriakoak, Pakistangoak, Ekuadorrekoak eta Euskal Herrikoak.
Azaroaren 2an hasi zen aniztasuna eta kulturartekotasuna lantzeko Kulturen Arteko zazpigarren Topaketa. Merkatu txikia edota euskara eta jatorri anitzeko familien seme-alaben inguruko hitzaldia egin dira egunotan. Atzo ’11 zapore’ pintxo-potea egin zen herriguneko zenbait tabernatan, eta bihar, berriz, auzoetan egingo da.
Bazkari herrikoirako tiketak Magazin Romanesc dendan daude salgai. Soberan geratzen badira, frontoian bertan ere erosi ahal izango dira. Bazkariaren aurretik dantza erakustaldia izango da herritik, 12:00ak aldera, eta bazkalondoren, berriz, haur-jolasak, bingoa, eta Anji Jaialai DJ-ren eta Bush Doctors reggae taldearen emanaldiak. Azaroaren 19an emango diote amaiera aurtengo topaketei, Bizilagunak bazkariarekin.