Indarkeria bikarioa salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Beasainen eta Lazkaon
Bihar izango dira bi kontzentrazioak, Beasainen 18:00etan, eta Lazkaon 19:00etan. Urbasan gertatutako zazpi urteko haurraren hilketa salatuko dute.
Atzo ehunka lagun elkartu ziren Lizarran Mateo Apestegi haurraren hilketa salatzeko eta senideei elkartasuna adierazteko. Biharko, Beasainen eta Lazkaon deitu dituzte elkarretaratzeak indarkeria bikario kasu hori salatzeko.
Urbasako Ubabako amildegian aurkitu zuten haurraren gorpua eta haren aitarena. Zantzu guztien arabera, aitak hil zuen haurra. Autopsiak baieztatu zuen amildegitik salto egin zuela zazpi urteko haurrari helduta. Espainiako Berdintasun Ministerioa hilketa ikertzen ari da, indarkeria bikario kasua izan dela zehazteko. Hala zehaztuko balitz, 2003tik indarkeria matxistak Euskal Herrian erail duen hamabigarren haurra izango litzateke.
Beasaingo elkarretaratzea 18:00etan izango da, Erauskin plazan, Beasaingo asanblada feministak deituta, eta Lazkaokoa, berriz, 19:00etan, plazan, Lazkaoko talde feministak deituta.