Iratzarrik jaso du aurten CIE Legazpi lantegiaren 4.000 euroko saria
Emakumeen alde egiten duen gizarte lana aitortu dio horrela. Elkarteak «herri osora» iritsiko diren ekintzetarako erabiliko du dirua. CIEk 2017tik ematen ditu diru laguntzak.
Duela 34 urte Iratzarri Etxekoandreen Elkartea bezala jaio zen Iratzarri Emakumeen Elkarteak jaso du aurten CIE Legazpi enpresak 2017tik urtero ematen duen diru laguntza edo saria. Herrian egiten duen irabazi asmorik gabeko gizarte lanagatik, 4.000 euro jaso ditu elkarteak.
Gaur goizean egin dute dirua emateko ekitaldia lantegian bertan. Elkartekide guztiak ordezkatuz, Yolanda Anduagak, Marisa Domenechek eta Arantxa Sudupek «oso ilusionatuta eta pozik» jaso dute CIE-ren laguntza, eta esker hitz ugari izan dituzte enpresaren laguntza lerro horrekiko. CIE-tik, Iñigo Fernandez lantegiko zuzendaria, Oscar Valbuena teknikaria eta Gorka Hormaetxe giza baliabideen arduraduna izan dira dirua ematen.
Herri osorako dirua
Iratzarrikoek dirua non gastatu badakitela adierazi zieten CIE-koei, eta «herri osora» iritsiko dela zehaztu zuten. Zine Klub taldearekin elkarlanean doako zinema proiekzioa, bakarlari baten emanaldia edo barre-terapia ikastaroa dituzte buruan, eta ekintza horiek iragartzeko karteletan enpresaren logoa agertuko dela agindu zieten on egileei. San Ignazio auzoko eskola zaharretan duten egoitzako altzariak berritzeko ere erabiliko dute. Diru laguntza horri esker, «urte zoragarria» izango dela esan zuten
CIE-ko ordezkariek elkarteak herrian egiten duen lana goraipatu zuten, eta emakumeen aldeko 34 urteko ibilbidea eta garai berrietara egokitu izana azpimarratu zituzten. Lantegiko langile askok elkartearekin harremana dutela ere aipatu zuten.
2017tik, Atzegi, Nagusilan, Begisare, La Salle eskubaloia, Hare Haizea, Ilintxa, Andraitz eta Hotz Legazpi elkarteak izan dira CIE-ren diru laguntzen onuradunak.
Automobilgintzan, 210 langile lanean Legazpiko plantan
CIE Automotive automobilgintzarako lan egiten duen multinazional euskalduna da, eta 16 herrialdetan sakabanatuta dauden 114 lantegi biltzen ditu, horien artean Legazpikoa. Iaz 3.839 milioi euroko fakturazioa izan zuen.Legazpiko lantegian 210 langile ari dira lanean, eta forja lanak egiten dituzte bertan. Besteak beste, autoentzako koroa diferentzialak, aurreko transmisiorako piezak eta palierrak egiten dituzten, baita ibilgailu industrialetarako hainbat pieza ere.
Multinazional honek kudeaketa deszentralizatua du, eta lantegiak autonomoak dira. Legazpiko CIEk 62 mililoi euroko fakturazioa izan zuen iaz, eta aurten 65 milioi eurora iristea espero dute.