Los Sara Fontan duo esperimentalak kontzertua egingo du larunbatean D'elikatuzen
Ordiziarrock-ek antolatutako emanaldia da. 22:30ean izango da, doan. Sei urteko ibilaldia diskorik grabatu gabe egin ondoren, urrian kaleratu zuten lehenengoa.
Los Sara Fontan duo esperimentalak kontzertua egingo du larunbatean Ordiziako D’elikatuz aretoan, Ordiziarrock-ek antolatuta, 22:30ean. Sara Fontan-ek (biolina eta teklatua) eta Edi Pou-k (perkusioa) osatzen dute bikotea. Sei urte eman dituzte eszenarioz eszenario, diskorik ez bideoklipik grabatu gabe, esperimentazioa, inprobisazioa eta zuzeneko emanaldiak oinarri. Urriaren 25ean kaleratu zuten haien lehen diskoa: Queda pendiente.
Ordiziarrock-ek zabaldu duen bezala, “bidaia musikal zirraragarri batean murgilduko” dira entzuleak kontzertuan. “Ez dituzte bi kontzertu berdin ematen, beraz, ez galdu aukera errepikaezina izango den esperientzia honekin gozatzeko”. 2017an sortu zuten Los Sara Fontan. Erabaki bat izan zen diskorik ez grabatzea, zuzenekoei garrantzia eman nahi ziotelako eta industria musikalaren gurpiletik kanpo lan egin nahi zutelako. Biolinarekin, teklatuarekin, perkusio instrumentuekin, efektu pedalekin eta beste hainbat musika baliabiderekin, emanaldi bakarrak sortzen dituzte toki bakoitzean. Espainian, Frantzian, Alemanian, Suitzan, Finlandian, Ingalaterran edota Portugalen jo dituzte kontzertuak.
“Haien musika eszenarioan jaio eta hiltzen da. Iragankortasun horrek bihurtzen du emanaldi bakoitza liturgia moduko bat, entzuleen memorian geratzen dena”. Hala deskribatzen du duoak bere lana sareetan. Zuzenekoak dira bikotearen indargunea, baina aurten, sei urteko ibilbidearen ondoren, lehenengo diskoa argitaratu dute, bidea disko, single edo bideoklipik gabe egitea “posible dela” egiaztatu ondoren. “Gure musikek geroz eta inprobisazio gutxiago dutela, itxiagoak direla eta, eta etxean estudioa eraiki dugula eta…ez grabatzearen dogma apurtu nahi izan dugu, etapa hau itxi eta ibilbide berrietan aurrera egiteko”, adierazi zuten udan sareetan.
Ordiziako emanaldira gerturatzen diren herritarrek imajinazioa askatzeko eta barne-bidaia batean murgiltzeko aukera izango dute etzi.