'Gernikako Arbola' euskal ereserkiaren batzarra egingo dute azaroaren 26an Urretxun
Aurreko egunetan ere hainbat ekitaldi egingo dituzte
Gaur arratsaldean Gernikako Arbola euskal ereserkiaren lehen batzarra aurkeztu dute Urretxuko udaletxean. Batzarra hilaren 26an egingo dute Urretxun. Aurreko egunetan ere hainbat ekitaldi egingo dituzte. Ekitaldiak Gernikako Arbola elkarteko Gontzal Mendibilek, Juanlu Aranburu tokiko antolatzaileak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak aurkeztu dituzte.
Batzarra Pagoeta gune soziokulturalean egingo dute, hilaren 26an. 11:00etan izango da. Kulturako eta politikako eragileak gonbidatu dituzte. Udalak gainontzeko udal guztiei gutuna bidali die, gonbita luzatuz. Bertaratuek adierazpena sinatuko dute eta ondoren Euskal Herri osotik etorritako kantu jira taldeek kalejira egingo dute, dantzariek eta erraldoiek lagunduta. 13:00etan, Iparragirre plazan, ekitaldi publikoa egingo da. Manifestua irakurriko dute udaletxeko balkoitik eta ondoren Gernikako Arbola abestuko dute. Bazkaldu aurretik, kantu jira taldeek Urretxuko kaleetan abestuko dute. 14:30ean bazkaria egingo dute Ederrena pilotalekuan.
Esan bezala, aurreko egunetan ere hainbat ekitaldi egingo dira. Hilaren 23an, 18:00etan, Iñaki Lopez de Luzuriaga filologo eta idazleak eta Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia katedradunak Gernikako Arbola euskaldunon ereserkia izendatua izateko dauden arrazoiak azalduko dituzte.
Hilaren 24an, 22:00etan, Gontzal Mendibilek eta Goiargi abesbatzak kantaldia egingo dute Labeaga aretoan. Mendibilek Iparragirreren rola hartuko du eta egun Euskal Herriaren eta euskararen alde egiten ari garen lanari buruzko iritzia emango du. Iparragirreren bizitzan garrantzitsuak izan ziren Anjelak eta Manuelak ere abestuko dute.
Gaurko aurkezpenean, Luquik Iparragirrek Gernikako Arbola lehenengoz abestu zuenetik 170 urte bete direla gogoratu du. “Berehala arrakasta handia izan zuen hegoaldeko lau lurraldeetan eta baita hemendik kanpo ere. Bitxia da, hegoaldeko lau lurraldeentzako izan arren, Iparraldean ere sekulako arrakasta izan baitzuen. Ereserki bihurtu zen eta denok abestu dugu. Gertaera garrantzitsuen lekuko eta protagonista izan da. Mundua pikutara doala dirudien garai honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da batzen gaituena aldarrikatzea”, esan du.
Mendibilek Iparragirre hil eta ia 150 urtera oraindik bere kantak abesten direla azpimarratu du. “Hori oso gutxirekin gertatzen da mundu osoan”. Gernikako Arbolak euskaldunon ereserki izateko osagai guztiak dituela gehitu du. “Marsellesa eta Els Segladors bezala, denona da. Eta historia handia du. Kanta politak ditugu, baina Gernikako Arbolak himnoa izateko zutabeak ditu: askatasun ikurra da, lurrarekiko maitasuna, justizia, mundura zabaltzeko nahia, solemnitatea…”.