CAFek aparteko lan orduak konpentsatu beharko dizkie ehunka langileri
LAB sindikatuak jakinarazi duenez Lan Ikuskaritzak ebatzitakoa bete behar du enpresak.
CAF enpresak Beasaingo lantegian lan egiten duten milatik gora langile tituludunen lan orduak zenbatu eta aparteko orduak denbora librearekin konpentsatu beharko ditu, hemendik aurrera eta atzeraeraginezko efektuarekin. Betebehar hori, Lan Ikuskaritzak ezarri du, LAB sindikatuak jarritako salaketa baten aldeko ebazpena dela-eta, LAB sindikatuak berak jakinarazi duenez.
Sindikatuak helarazitako oharrean azaldu dutenez, nahiz eta indarrean dagoen lan-erregulazioak “argi eta garbi jasotzen duen salbuespena, kontrolatzeko modua, egin daitezkeen aparteko orduen gehieneko kopurua eta denbora librearekin konpentsatzeko modua”, enpresaren zuzendaritzak “hori aplikatzea sistematikoki ukatzen zien tituludunei”, eta “urteetan, pertsona horiek egindako aparteko orduak ez dira inola ere konpentsatu”. LABek gaineratu du “enpresak langile horien erdien aparteko orduei buruzko informazioa” baino ez ziola ematen Batzordeari.
Hemendik aurrera, Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren arabera, Beasaingo lantegiko tituludunek egiten dituzten aparteko ordu guztiak “ezin izango dira 80 baino gehiago izan urtean”, “lan egindako aparteko ordu bakoitzeko ordu eta erdi librerekin konpentsatu beharko da eta jaiegunetan ordu bat eta hiru laurdenekin”, eta “orain arte egindakoak atzeraeraginezko efektuarekin konpentsatu beharko ditu enpresak”.
Horrez gain, LABek informatu duenez, “langile guztiek egindako orduei buruzko informazio argia eta osoa eman beharko du CAFeko zuzendaritzak”.
Sindikatuak nabarmendu duenez “hilabete gutxiren buruan bigarrenez” eman diela Ikuskaritzak arrazoia enpresaren “jokabide txarrengatik”. Duela hilabete gutxi, Ikuskaritzak ebatzi zuen “enpresak egindako behin-behineko kontratu gehienak iruzurrezkoak zirela, eta, ondorioz, ehunka behin-behineko kontratu finko bihurtu behar zirela”.