«Final honetara prestatuago eta pilotari gisa helduago iritsi naiz»
Promozio mailako lau t’erdiko finala jokatuko du Iraitz Zubizarretak (Aia, Ataun, 1999), bihar. Profesionaletako bigarrena du, 2021eko txapeldunordetzaren ondoren. Konfiantzaz da.
Aldartez nola zaude?
Ilusio handiarekin eta gogo handiarekin nago. Astea ondo doa, eta ea larunbatean hala bukatzen joaten den. Emaitzak aldekoak direnean, pilotaria beti ondo egon ohi da.
Sasoiz?
Ondo iristen naiz. Buruz buru, maiatzean ligaxkan kanpora geratu arren, sentsazioak onak izan nituen. Udan ere ondo jardun naiz, eta gorputzaldi horri jarraipena ematea lortu dut lau t’erdiko txapelketan. Mailarekin oso gustura nago.
Promozioko lau t’erdiko txapelketako finala jokatuko duzu bigarren aldiz. Nolako partida izango da?
Gogorra eta irekia. Pentsatu nahi dut nire aukerak izango ditudala. Egigurenek maila handia dauka, eta gauzak zail jarriko dizkit. Iaz finalista izan zen. Biok gatoz finalerdietan geure partidei buelta eman behar izatetik, eta horrek indartzeko aukerak ematen dizkio pilotariari. Nire aukerak baliatu beharko ditut irabazteko.
Egigurenek hirugarren finala du, zuk bigarrena. Ondare hori mesederako izango da, ala?
Finala beti finala da, eta bertako tentsioa bakarra da. Baina ez da kasualitatea azken errondetara iristea biok; maila ona eman dugu, diziplinan defenditzen garelako. Horrez gain, biok dakigu finala jokatzea zer den, egia da berak nik baino gehixeago, baina bioi egiten digu mesede, nahiz eta bestela ere tentsioa egongo den.
«Festak ditugu Ataunen, eta ea txapela jantzita borobiltzen dugun»
Partida ondo hastea giltzarri dela esan ohi duzue…
Bai, partida guztietan bezala, ondo hastea garrantzitsua da, baina horrelako tentsioko egunetan, suelto sartu behar da partidara. Tanteoan aurretik jarri ahal bada, baina sentsazio onekin hastea da inportanteagoa. Lasai atera, eta lehen pilotakadak jotakoan ea tentsio hori askatzen dugun.
2021eko finala Bakaikoaren aurka galdu zenuen. Zertan aldatu zara ordutik?
Denean. Pilotari eta pertsona bezala aldatu naiz. Esperientzia gradu bat da, eta horrek mesede egin diezadake. Final honetara uste dut prestatuago iritsi naizela 2021ekora baino. Lasaiago, fisikoki hobekuntza nabaritu dut, eta teknikoki ikasten eta garatzen saiatzen ari naiz. Pilotari helduagoa naizela esango nuke. Gero, galdu ala irabazi egin daiteke, baina konfiantza gehiagorekin iritsi naiz final honetara.
San Martin da bihar, Ataunen egun handia. Tolosan izango da festarik?
Beotibarreko harmailetan elkarrekin 60 gazte ataundar elkarrekin egongo dira. Kuadrillakoak, gazteagoak, anaiaren kuadrillakoak… denak batera egongo direla esan zidaten lehengoan. Giro ona egongo da, ziur. Bestetik, bakoitzak bere aldetik ere hartuko zituen sarrerak, eta jendea joango da Ataundik. Autobusa antolatzen ere ari dira. Festak ditugu, gainera, eta ea txapela jantzita borobiltzen dugun.