Irakurzaletasuna eta sukaldaritza uztartzeko, Liburu Txiki Cook ekimena jarri du martxan udalak
Elkarte gastronomikoetako jarduera zabaltzea eta auzoetako bizitza handitzea dute helburu. Azaroaren 15ean Altamirako Altarte elkartean egingo dute saioa, eta abenduaren 13an Buztuntzako Argiberri elkartean. Izena liburutegian eman daiteke.
Irakurzaletasuna eta sukaldaritza uztartzeko, Liburu Txiki Cook izeneko ekimena jarri du martxan Ordiziako Udalak. Ordiziako elkarte gastronomikoen jarduera garatzea eta ekintzak auzoetara zabaltzea ere badira ekimenaren helburuak. Hala, saio bana egingo dute hurrengo astean eta abenduan, herriko elkarte banatan, hiru eta bost urte arteko haurrei zuzendutako liburu irakurketekin, errezeten prestatzeekin edo kantaldiekin.
Liburu Baby Kluba ekimenaren harira sortutako egitasmoa da. Bertan haur txikienak irakurzaletasunera gerturatzen dituzte, euskaraz, gazteleraz zein ingelesezko liburuak irakurrita, eta Ainhoa Jimenez hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, “arrakasta handia” du. “Horren luzapena da, irakurzaletasuna txikitatik sustatzeko eta auzoei bizitza emateko”. Elkarte gastronomikoetan egingo dira, bertako ekintzen aukera handitzeko eta irakurzaletasuna, gastronomia, bizikidetza eta kultura espazio bakarrean bultzatzeko. Liburu Baby Klubean bezala, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez garatuko dituzte Liburu Txiki Cook-eko saioak.
Azaroaren 15ean Altamirako Altarte elkartean egingo dute saioa, eta abenduaren 13an, aldiz, Buztuntzako Argiberri elkartean. Izena liburutegian eman daiteke. Gehienez 20 haurrentzako lekua egongo da ordubete iraungo duen saio bakoitzeko. Bost zatitan banatuta egongo dira:
- Lehen zatia, ongi etorria: elkarte gastronomikora ongi etorria emango zaie partaideei, eta jarduerak azalduko dituzte labur.
- Bigarren zatia: kantak eta errimak egingo dituzte eta gastronomiari lotutako liburu bat irakurriko dute.
- Hirugarren zatia: errezeta osasungarria, erraza eta azkarra prestatuko dute.
- Laugarren zatia: askaria eta bizikidetza. Elkarte gastronomikoetako ohitura sustatzeko, familiek elkarrekin denbora pasatzeko espazioa sortuko dute.
- Bosgarren zatia: Abestiak eta agur-errimak abestuko dituzte, jarduerari amaiera emateko.
Ordiziako familiak deitu dituzte ekimenean parte hartzera.