Beasaingo EH Bilduk kezka erakutsi du udal tasen igoeragatik
EH Bilduk azaldu duenez «geroz eta berdinagoa eta justuagoa den Beasain bat nahi dugu, eta onartutakoa, ez doa norabide horretan».
Urriko osoko bilkuran 2024 urterako Ordenantza Fiskalak onartu zituen Beasaingo Udalbatzak, EAJren baiezko bozekin. %2,7ko igoera izango da. EH Bilduk, igoeraren kontra eman zuen botoa. «Azken urteetan bizimodua zenbat garestitu den denok nabaritu dugu, inflazioa, erregaiak, energia, prezioen gorakadak, etxebizitzen kostuak,…», azaldu du kezka Beasaingo EH Bilduk ohar bidez.
Testuingurua hori izanda ere, Beasaingo Udal Gobernuak zerga eta tasetan igoeraren proposamena aurkeztu eta onartu egin zuen. EH Bilduren ustez erabakiak erakusten du ez dutela kontutan izan herritar guztien egoera ekonomikoa ez dela berdina: «Aberasten ari den jendea dago alde batetik; hilabete bukaerara lehen baino justuxeago iristen direnak bestetik, eta egoera zaurgarri eta prekarioan bizi direnak gero eta gehiago dira», adierazi du koalizio abertzaleak. Gauzak horrela, «guztion ardura da herritarren arteko arrakala hauek samurtzea», eta bide horretan, «aurten ere beste aukera bat galdu» dela adierazi dute. Gainera, Beasaingo Udalaren egoera ekonomikoak «onartu direnak baino ordenantza fiskal justuagoak» izateko aukera ematen dutela dio EH Bilduk.
EH Bilduren proposamen bakarra
EH Bilduren aldetik hainbat proposamen egin zituzten, uste dutelako «Ordenantza Fiskalak ez direla diru sarrerak eta kobrantzak bakarrik; bakoitzak ditugun helburu politikoak aurrera eramateko beste erreminta bat ere badira».
EH Bilduk proposatu zuen «gehien duenak gehiago ordaintzea eta diru sarreren araberako hobari sistema progresibo bat ezartzea; Hobarietan genero ikuspegia txertatzeko aukera; Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, Beasainen dauden etxebizitza hutsei %150eko errekargua ezartzea, etxebizitza horiek merkatura ateratzeko helburuarekin; eta, CO2 isurien araberako hobaria ezartzea trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan».
EH Bilduk egindako proposamenen artean azkena baino ez zen onartu, «herritar guztiak zaku berean sartuz».
Horregatik guztiagatik EH Bilduk adierazi du «geroz eta berdinagoa eta justuagoa den Beasain bat nahi dugu, eta onartutakoa, ez doa norabide horretan». Gogoratu dute Ordenantza Fiskal hauek oposizio guztiaren aurkako bozekin onartu zirela.