Erresuma Baturako beste hamar tren egingo ditu CAFek
Trenak eraikitzeaz gain, mantentze lanez ere arduratuko da CAF zortzi urtez. Zerbitzu guztiaren kostua 500 milioi euro izango da. Erresuma Batuko merkatuan duen "arrakasta berresten" du horrela.
Britania Handiko London Eastern Railway operadoreak CAF enpresa aukeratu du Erresuma Batuan eskualdeko trenak hornitzeko. Hamar tren izango dira, hiru energia iturri erabiliz ibil daitezkeenak. Trenak egiteaz gain, CAF zortzi urtez arduratuko da horien mantentze lanez. Zerbitzu guztiaren kostua 500 milioi euro izango da. Honekin, CAF-ek Erresuma Batuko merkatuan duen “arrakasta berresten du”.
Hamar tren hauen ezaugarriei dagokienez, unitate bakoitzak 10 kotxe izango dutela aurreratu du CAFek. Hirien arteko zerbitzua emateko diseinatutako trenak dira eta segurtasun arloan punta-puntakoak. Barneko diseinuari dagokionez, eskakizun maila handia betetzen dutela ziurtatu dute. Baina nabarmentzeko ezaugarri nagusiena da, hiru energia iturri erabiliz ibil daitezkeela, hau da, korronte elektrikoarekin, bateriekin edo dieselarekin. Izan ere, trenek egingo dituzten zerbitzuen lineetan elektrifikatu gabeko tarteak daude, eta tren “moderno” horiei esker zerbitzua “eraginkorragoa” eta “jasangarriagoa” izango dela adierazi du enpresak.
Trenak Euskal Herrian egingo dituzte, baina amaierako muntaketa lanak CAFek Galesen, Newport hirian duen lantegian egingo dituzte.