Ezintasun absolutua aitortu diote GSB ohiko jubilatutako langile bati asbestosis gaitzagatik
Legazpiko lantegian lan egindako B.L.A. da, 82 urtekoa. Aitortzaren ondorioz, %80 gehiago jasoko du pentsioan.
Amiantoaren biktimen Asviamie elkarteak jakinarazi duenez, Legazpiko B.L.A. 82 urteko pentsiodunari ezintasun absolutua aitortu dio Gipuzkoako Gizarte Segurantzak, laneko gaixotasunagatik. Aitortzak 2022ko abenduko eragina du, eta %80ko igoera ekarriko dio pentsioan. B.L.A.k asbestosis edo arnasketa gutxiegitasuna du, 1968tik Patricio Echeverria altzairutegiko galdategian (GSB Altzairuak gero) amiantoren eta ke metalikoen eraginpean lan egiteagatik orduko legediak eskatzen zituen prebentzio neurririk gabe.
Osalan erakundeko txostenak jasotzen du B.L.A. langile ohiak 10 urtez lan egin zuela galdaketa zuloan amiantoa zuten mazarotak manipulatuz, eta lingote ontzietan amiantozko kordoiekin. Ondoren, labezain lanak egin zituen, koladara kromoa, tungstenoa eta beste material batzuk botatzen. Gainera, ia igandero, labeko estaldura kendu eta bota egiten zuten, berria jartzeko, eta labeko kableak amiantoz inguratuta zeuden. Lan horiek egiteko ez zuten jantzi berezirik erabiltzen, ezta arnasketarako babesik ere.
Patricio Echeverria lantegia 1965ean amiantoa inportatzen zuen enpresa zela jasotzen zuen 2001ean egindako txosten batean, Gainera, Osalaneko artxiboetan ageri da haren ondoren sortutako Legazpiko GSB Altzairuak lantegian 40 labetako amiantoa eta fibrozementuzko estalkiak kentzeko lanak egin zituztela 2002an.
B.L.A.k Amiantoren eraginpean lan egindako Langileen Fitxategian sartzeko eskaera egin zuen 2022an. Asviamiek adierazi duenez, “zegokion bezala enpresak zerrenda horretan 1984an sartu izan balu, edo bere gaixotasuna tratatu zuten Osakidetzako medikuek gaixotasun horren jatorriari buruz 1299/2006 Errege Dekretuko 5. artikuluak jasotzen duen Susmo jakinarazpena egin izan balute, B.L.A. duela urte batzuk egongo litzateke kobratzen laneko gaixotasunaren aitortzak dakartzan prestazio ekonomikoak”.
Arnasketa gaixotasunen laneko jatorria “ezkutatzeko praktika” salatu du Asviamiek, “bereziki biriketako minbiziarena”. Osasun arloko langileek ez dutela egiten 1299/2006 Errege Dekretuko 5. artikuluak jasotzen duen Susmo jakinarazpena ere salatu dute, “batez ere galdategietan lan egindakoei biriketako edo arnasketako gaixotasunak diagnostikatzen dizkietenean”. Betebehar horren menpe dago “laneko arriskuen prebentzioaren kalitatea, eta gaixoak eta haien familiak Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoak kobratzean kaltetuak ez izatea”.