'Finisher' bakarra Mariren Kobak Trailean
Pablo Angulo berangarra izan da orduaren barruan helmugara heldu den korrikalari bakarra. Orozkotik abiatu da proba eta Zegaman bukatu, tartean hiru parke natural zeharkatu eta 83 kilometro eginda.
Hiru parke natural, hiru kobazulo (Gorbeiako Supelegor, Urkiolako Ezkilar eta Aketegikoa –kobazuloa gailurrarengatik aldatu behar izan zuten–), 83 kilometro eta 21 partaide. Horixe joan den larunbatean, azaroaren 11n, Mariren Kobak Trailak zekarren plana. Orozkoko Urigoiti auzoa (Bizkaia) abiapuntu, Zegamako plaza helmuga eta hamabi ordu proba bukatzeko. Eta korrikalari bakarra orduaren barruan iritsitakoa, Pablo Angulo berangarra, finisher lehen eta bakarra.
07:00etan puntuan, Gorbeiako magalean kokatutako Urigoiti auzoan abiatu zen Mariren Kobak Trail lasterketaren lehen edizioa, atsedenik ematen ez zuen euriaren azpian. “Euskal Herriko berezko klimatologiak, abentura euskal mitologiarekin eta mistizismoarekin lotzeko jolastoki ezin hobea sortu zuen”, adierazi dute antolatzaileek.
Mari eta Basajaun Supelegorren
Irteera hartu zuten 21 partaideak berehala iritsi ziren Supelegor kobazulora. Han Mari eta Basajaun zituzten zain. Eta baimendutako lehen asistentzia-puntuan, Barazar mendatean, buruan zihoan hiru partaideko taldetxoa iritsi zen: Pablo Angulo berangarra, Ruben Marc Cano castellotarra eta Iker Karrera amezketarra. Bost minutu eskasera, bigarren taldea iritsi zen: Uxue Fraile beteranoa eta Olatz Azazeta eta Jon Artetxe abenturako gazteenak. “Hori izan zen abenturaren dinamika, parte-hartzaileek abentura eta barreak partekatu zituzten taldetxo ezberdinetan”.
Ezkilarreko kobazulotik Aketegira
Bigarren kobazuloan, Urkiolako parke naturalean, Anbotoren magalean, Ezkilarreko kobazuloan, bigarren harriarekin Galtzagorriak zain zituzten, bidean ziren 18 partaideei emateko. Seik bakarrik lortu zuten azken asistentzia-puntua igarotzea, haiek baitzuten soilik nahikoa denbora azken igoera handiari eta helmugarako jaitsierari aurre egiteko.
Haizeak eta eguraldi txarrak eraginda, antolatzaileek Aketegiko koba (sarbide zaila duena) Aketegiko tontorrarengatik aldatu zuten. Hiru korrikalariko lehen taldea iritsi zen tontor horretara, baina bakoitzak bide desberdin bat hartu zuen jaisteko. Pablo Angulo Berangoko korrikalaria izan zen jaitsieran gehien arriskatu zuena, eta Zegamako plazan zegoen helmugara 11 ordu eta 30 minututan iristea lortu zuen. Antolatzaileek jarritako 12 orduko langaren barruan sartu zen bakarra izan zen.
Korrikalarien erreakzioak
Behin helmugan, bizkaitarrak esan zuen “orientazioa eta mendiko lasterketak uztartzen zituen proba bat izan” dela eta horrek “lasterketari puntu ezberdina” eman diola.
Helmugan bigarrenak, Castelloko Ruben Marc Cano korrikalariak, 12 ordu eta 9 minutu behar izan zituen eta guztira 85km egin zituen.
Amezketako korrikalariak berriz, Iker Karrerak, minutu batzuk gehiago behar izan zituen eta “justu-justu nentorrela ikusten nuen eta ipurdia estutzen saiatu naiz, baina ezin izan dut. Baina berdin dio, hiru kobazuloetako hiru harriak etxerako dira eta ibilbidean gozatu dudanarekin geratzen naiz “. Karrerak Transgrancanaria 360 lasterketan parte hartuko du asteazkenean, erreleboka, Zigor Iturrietarekin. Formatu oso interesgarria zela eta etorkizun ona izango zuela iragarri zuen.
19:30ak jo baina lehen, Uxue Fraile eta Olatz Azazeta oso irribarretsu iritsi ziren helmugara, abentura osoa elkarrekin egin ondore. Korrikalari donostiarrak esan zuen oso pozik zegoela helmugara iritsi zelako eta abentura Olatzekin eta hasieran Jonekin partekatu zuelako (hirugarren asistentzia-puntuan erretiratu zen). Marirekin topo egin duenean, “begietara ez begiratzen saiatu naiz eta leizetik atzeraka ateratzen”, Euskal Herriko antzinako legeak agintzen duen bezala.
Abenturako gazteena, 25 urte besterik ez dituen Olatz Azazeta altsasuarra, oso eskertuta zegoen antolakuntzarekin eta abentura partekatu duen kideekin, eta datorren urtean errepikatzea espero du. “Niretzat esperientzia izugarria izan da, erabateko abentura. Gure etxeko leku enblematikoenetatik egindako ibilbide basatia, oso polita “.
Helmuga igarotzen azkena Joseba Kaltzada bizkaitarra izan zen, Raidetako korrikalaria. Parte-hartzaile guztientzat, bai Zegamara iritsi zirenentzat, eta bai bidean geratu zirenentzat, abentura ikaragarria izan zen, eta lehen kobazuloko harria bakarrik lortu zuen korrikalari batek “bere bizitzako esperientziarik onenetakoa” izan zela adierazi zuen.
Bigarren edizioa, airean
Antolatzaileek ez dute baieztatu bigarren ediziorik izango den. Mezu hauxe utzi dute: “Datorren urtean abentura errepikatuko den ikusi beharko dugu”.