Lau dokumental Ordiziako Mendi Astean
Gaur hasiko da, Goierriko Mendizale Beteranoen 'Batetik bestera' ikus-entzunezkoarekin. Emanaldi guztiak Barrenan izango dira, 19:30ean.
Mikel Saez de Urabain alpinista ordiziarra.//Argazkia: Mikel Saez de Urabain Ordiziako Mendizaleek antolatutako Ordiziako Mendi Astea hasiko da gaur. Ostegunera arte, mendizaletasunarekin lotutako dokumental bana emango dute egunero, guztira lau. Goierriko Mendizale Beteranoen inguruko Batetik bestera ikus-entzunezkoa emango dute gaur.
Barrenan izango dira emanaldi guztiak, 19:30ean. Bihar, Ordiziako Mendizale Elkartearen Iraganetik pausoka dokumentala emango dute, eta asteazkenean, berriz, Mikel Saez de Urabain alpinista ordiziarraren Bhagirathi 3 Hegomendebaldeko ertza. Irailean igo zuen ordiziarrak 6.454 metroko mendia beste hiru mendizalerekin, Indiako Himalaian. Mendi Astea ostegunean amaituko da, Juan Vallejo alpinista gasteiztarraren Himalaiari buruzko dokumentalarekin.













