Zaintzaren diagnostikoa egiten ari dira Goierri garaiko lau herrietan
Jarraipen batzordeak bilera egin du gaur goizean Emakumeen Etxean. Laster, esku hartze pedagogikoekin hasiko dira. «Formula berritzaile eta eraldatzaileak» lortu nahi dituzte.
Zaintzen diagnostiko parte hartzailea ari da egiten Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun Arloa Goierri garaiko lau herrietan, Hegoaldetik Enarak Kooperatibaren laguntzarekin. Aurtengo urtarrilean jarri zuten martxan proiektua, eta gaur goizean bilera egin du jarraipen batzordeak, bere bilakaera aztertzeko. Bileran eskualdeko udaletako zinegotziak eta gizarte zerbitzuetako teknikariak izan dira.
Zaintzen diagnositikoa Urola Garaiko III. Berdintasun Planaren barruan kokatuta dago, planaren hirugarren ardatza den Zaintza lanen Ekonomia Feministaren atalean. Diagnostiko honen bidez, «zaintza eredu justu eta erantzunkide baterantz» jo nahi du Mankomunitateak.
Proiektuan bi prozesu ari dira garatzen. Batetik, diagnostiko parte hartzaile bat osatzen ari dira, eta bestetik, zaintzen inguruan esku hartze pedagogiko eta parte hartzailea egiten ari dira, «formula berritzaileak eta eraldatzaileak lortzeko».
Hori guztia egiteko, dokumentazioa eta informazioa aztertzen, elkarrizketak egiten, eztabaida taldeak osatzen, lau herrietako baliabideen mapa osatzen eta zaintzen inguruko marko teorikoa osatzen ari dira.
Esku hartze pedagogikoa
Diagnostikoaren une honetan, esku hartze pedagogikoen informazioa eta garrantzia herritarrei helarazten hasiko dira, «diagnostiko parte hartzailearen funtsezko zatietako bat» direlako, eta «komunitatearen kontzientziazioaren abiapuntua».
Lehen bilera komunitateko hainbat hartzailerekin egingo dute, «zaintzen esparru kontzeptual feminista ezartzeko, eta ekintza eraldatzaileko ekimen komunitarioak lantzeko». Ekintzak finkatuko dituzte ondoren, eta «konponbideak argi eta garbi mugatuko ditugu, bideragarriak izan daitezen», hau da, ekintza lerroak definituko dituzte.
Azken dokumentua hurrengo urteko urtarrilean aurkeztuko dute, bileretan jasotako ekarpen guztiak bilduta.
Interbentzio pedagogikoen prozesu honek bi helburu nagusi ditu. Batetik, diagnostikoaren esparru teorikoa ezagutaraztea nahi dute, eta hura osatzen duten kontzeptuei buruz hausnartzea eta auzitan jartzea. Bestetik, hausnarketatik abiatuta, «ekintza eraldatzaileetarako ekimen komunitarioak» eraikitzen hastea nahi dute.
Hurrengo bileretara joateko gonbidapena
Zaintzaren diagnostikoa egiten ari den taldeak hilaren 23an, ostegunean, egingo ditu hurrengo bi esku hartze pedagogikoak. Lehena, 11:00-13:00 bitartean egingo dute, eta adineko emakumeei zuzenduta egongo da. Bigarren saioa 17:30-19:30 bitartean izango da, eta mugimendu feministarekin eta gaiarekin interesa duten emakumeak daude gonbidatuta. Urretxuko Pagoeta auzoko Emakumeen Etxean egingo dira bilerak.Prozesuan partu nahi dutenek Urola Garaiko Berdintasun Arloarekin jarri behar dira harremanetan, 943 25 23 89 telefono zenbakira deituta, edo berdintasuna@uggasa.eus helbidera mezu bat bidalita