Abel Ariznabarreta izendatu dute Barandiaran Fundazioaren lehendakari
Ixone Fernandez de Labastidaren lekua hartu du bizkaitarrak. Eusko Ikaskuntzaren ordezkarietako bat izan den Josemari Velez de Mendizabalek ere fundazioa utzi du.
Barandiaran Fundazioak azaroaren 8an egindako patronatu bileran lehendakari berria izendatu zuen, aho batez. Abel Ariznabarreta bizkaitarrak hartu du Ixone Fernandez de Labastidak bete duen kargua. Besteak beste, fundazioak argitaratzen duen Eusko Folklore urtekariaren zuzendaria da Ariznabarreta.
Beste kargu aldatze bat ere izan da. Fernandez de Labastidarekin batera Eusko Ikaskuntzaren ordezkarietakoa –lau kide ditu EIk patronatuan– zen Josemari Velez de Mendizabalek ere fundazioaren zuzendaritza batzordea utzi du, eta Urkiri Salaberria sartu da haren lekuan.
Esker oneko hitzak izan zituzten gainerako patronatukideek irten berri diren bi kideekiko. Ariznabarretak, bere aldetik, “erantzukizun eta errespetu handiz” hartzen duela ardura azaldu zuen, “bai On Jose Migel Barandiaranen pertsonak eta berak egindako lanak merezi duenagatik, baita ardura honetan orain arte izan direnek egin duten lanagatik”.
Fundazioa “une ezin interesgarriagoan” dagoela iritzi dio Ariznabarreta lehendakari berriak. 2022an sormen prozesu parte-hartzailea garatu zuen fundazioak, eta han iradokitako hainbat proiektu hasten edota martxan jartzen ari dira. “Baina, ezinbestean, estrategia berriak esploratzera behartuta gaudela uste dut”, aurreratu du Ariznabarretak.
Ataungo Sara etxean egin zuten batzarra patronatua osatzen duten erakundeetako kideek. Honako erakundeek eta ordezkariek osatzen dute, azaroaren 8az geroztik, Barandiaran Fundazioaren patronatua edo zuzendaritza batzordea:
- Eusko Jaurlaritza
- Nafarroako Gobernua
- Gipuzkoako Foru Aldundia
- Arabako Foru Aldundia
- Bizkaiko Foru Aldundia
- Eusko Ikaskuntza: Abel Ariznabarreta (lehendakaria), Jexux Aizpurua (idazkaria), Arantza Cuesta eta Urkiri Salaberria.
Fundazioak 2023ko lanaren memoria ere helarazi dio Goierriko Hitzari.