KaleGorrianek 'Keixpe' musika zikloa antolatu du
Bihar Benizzek kontzertua egingo du Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan
KaleGorrian elkarteak, hainbat eragileren laguntzarekin, Keixpe musika zikloa antolatu du urte amaiera honetarako. Lau kontzertu izango dira, azaroko eta abenduko lau asteazkenetan banatuta, Urretxuko eta Zumarragako leku ezberdinetan: bihar (asteazkena) Benizze Juan de Lizarazu aretoan, hilaren 22an Muare Antioko interpretazio zentroan, abenduaren 20an Ekhi Lambert Urretxuko udaletxeko portaloian eta abenduaren 27an Kadira Antioko interpretazio zentroan.
Kontzertu bereziak izango dira. Irrati bidezko kontzertu-elkarrizketa baten modukoak izango dira. Audioa grabatu egingo da eta ondoren podcast gisa argitaratuko dira KKinzona irratiaren eta Badok atariaren bitartez.
Lehenengo kontzertua Benizzek egingo du, bihar 19:30ean Juan de Lizarazu aretoan. Beñat Goitiaren (Gasteiz, 1991) bakarkako proiektua da Benizze. Montauk taldearekin bi disko argitaratu ondoren mundua aldatu egin dela esan zuen bere lehen diskoa aurkezterakoan: “Ezin gara ezer gertatu izan ez balitz bezala 2019ko moldeetara itzuli. Belaunaldi oso bat ate joka dago, dantzarako gogoz”.
Bere ohiko kantakera elektronika kutsuekin nahastu du oraingoan: dance, trap eta abar. Montaukekin hainbat alditan aritu da Urretxu-Zumarragan, Benizzerekin lehen aldia izango du. Benizzeren musika entzuteko, sakatu hemen.
Kontzertu honek Amaia Aranzabalen Itsasoa, mendia, hiria erakusketarekin bat egingo du. Ikus-entzuleek hiru proposamen artistiko izango dituzte aurrean: Aranzabalen erakusketa eta Benizzeren musika eta irudien proiekzioa.