«Urolako geltokian aurki albiste onak izango ditugula uste dut»
Mikel Serranok (Urretxu, 1972) bosgarren agintaldia hasi du. Oraindik gogoa, indarra eta proiektuak dituela, eta zumarragarrek nahi duten arte jarraituko duela aipatu du.
Bosgarren agintaldia duzu. Ez al duzu nekerik nabaritzen?
Batere ez. Zumarragak eta zumarragarrek merezi dutela ikusten dut eta oraindik gogoa, indarra eta proiektuak ditut, duela 16 urte hasi nuen erronka honi eusteko eta Zumarraga eraldatzen jarraitzeko. Helburua etorkizuneko belaunaldiek merezi duten hiria edukitzea da. Bertan bizitzea eta bizitza proiektua egitea merezi duen hiria. Hori guztia, eguneroko erronkak albo batera utzi gabe.
Noiz arte ikusten duzu zure burua Zumarragako alkatetzan?
Herritarrek nahi duten arte. Guztiaren gainetik zumarragarren interesak daude. Inork ezin dit leporatu interes politikoak zumarragarren interesen gainetik jarri izana.
Alderdi edo pertsona berak boterean urte asko daramatzanean agintekeria arriskua dagoela esan ohi da.
Esan bezala, sekula ez ditut nire interesak edo nire alderdiarenak herritarren interesen gainetik jarri. Baina mundu guztiari ezin zaio baietz esan. Zumarragan denok elkar ezagutzen dugu eta askok ezagunak garelako baiezkoa emango diedala uste dute. Baina arauak eta legeak errespetatu behar dira. Eta ezin denean, ezin da.
EH Bildu inoiz baino gertuago duzue.
Hiru zinegotzitik bost zinegotzira igo dira. Guk, behera egin dugun arren, botoen ia %43 lortu dugu. Zortzi puntu atera dizkiogu EH Bilduri! Beraiek lau urte barru alkatetza lortuko dutela uste dute. Beraien jarreran nabari da. Lehen agertzen ez ziren ekitaldi ofizialetara etortzen dira. Bestalde, hainbat gaitan gauzak behartzen ari dira beraien interes politikoen alde.
Adibidez?
Plastic Energy, lege guztiak betetzen baditu, Zumarragan ezarri ahal izango da. Plastic Energy ala ezer ez esan al dut? Ez. Aritz Elgarrestak (EH Bildu) Zumarragan lantegia ireki eta ehunka lanpostu sortuko zituen kooperatiba batekin kontaktua zuela esan zuen. Dei horren zain nago. Tantoa apuntatu dezala, nahi badu. Nik ekonomia indartu nahi dut, jendeak Zumarragan bizitza proiektua edukitzea nahi dut.
Zergatik uste duzu gerturatu zaizuela EH Bildu?
Gobernuan egoteak dakarren higadura emaitzetan ere nabaritu ohi da. Gainera, Zumarragak adineko asko ditu (%25 65 urtetik gorakoa eta %10 80 urtetik gorakoa). Pandemiak kolpe gogorra eman digu eta adineko asko hil dira. Guztiek ez ziguten guri ematen botoa, baina askok bai. Gainera, EH Bildu lehen indarra izan da Gipuzkoan. Beste herri batzuetan EH Bilduk irabazi du. Legazpin, adibidez. Eta Urretxun EH Bildu irabazlearengandik gertuago dago hemen baino. EH Bildu herri guztietan igo da eta ez dakit kudeaketarengatik den. Ez dakit udal kudeaketan alde handirik egoten den batetik bestera. Bakoitzak bere ukitua ematen dio, baina gastu asko finkoak dira (langileen soldatak, adibidez), zerbitzu asko zeharka ematen ditugu… Diru gutxi gelditzen da inbertsioetarako. Guk dirua ekartzeko gaitasuna izan dugu. Ez dut uste EH Bilduk egingarriak diren proiektuak mahai gainean jartzeko sekulako lana egin duenik.
«Sekula ez ditut nire interesak herritarren interesen gainetik jarri»
«Plastic Energy, lege guztiak betetzen baditu, Zumarragan ezarri ahal izango da»
Ez al zara Plastic Energy egitasmoak kalte egingo dizuen beldur?
Hauteskundeetan kalte egin ote zigun? Aukeraren berri eman genuen eta legea betetzen badu egingo dela esan genuen. Beharbada ez dugu ondo komunikatzen asmatu. EH Bildu kaletik gobernatzen saiatu da, herritarrek eman dien ardura hartu gabe. Denok dakigu nortzuk dauden plataforma ezberdinetan.
Zeintzuk dira agintaldi honetako egitasmo nagusiak?
Azken 16 urte hauetan 60 milioi gastatu ditugu inbertsioetan. Instituzio guztien diru laguntzak lortu ditugu. Diru asko bertako enpresa eta langileen poltsikoetara heldu da. Eta urte hauetan guztietan egin ditugun kontaktuak baliatuz, diru gehiago ekarriko dugu Zumarragara. 2024an Legazpi kaleko, Ibaiondoko eta Antio hiribideko atzealdeko obrak hasiko ditugu. Horretaz gain, agintaldi honetan Mendizabal poligonoko 10. fasea egingo dugu. Bestalde, San Isidroko obra abian da eta Elgarrestamendiko proiektua ere bai. Eta GI-2632 errepidearen bulebarizazioa agintaldi honetan amaitu nahi dugu. 1,2 milioi behar ditugu Eitzaraino heltzeko. Eta beste 1,3 milioi Urolako trenaren geltokia eta bere ingurua zaharberritzeko. Aurki albiste onak izango ditugula uste dut.
Zer egin behar da Urolako trenaren geltokian?
Gizarte arlorako erabiliko da: Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiten ari gara familia elkargune bat irekitzeko, emakumeak, enplegua, udalaren Gizarte Zerbitzuen hainbat zerbitzu…
Azokako baserritarren gunea oso polita dago, baina itxi egin duzue eta herritarrek ezin dute dagoeneko paseatzeko edo jolasteko erabili.
Postu berriak oso funtzionalak eta politak dira, baina muntatzea lehen baino gehiago kostatzen da. Bi ordu behar dira. Lan hori nork egin behar duen aztertzen ari gara. Lehen kale garbiketaz arduratzen den enpresako langileek muntatzen zituzten. Larunbat goizean muntatzea eta larunbat arratsaldean desmuntatzea da gure helburua. Gaiak kezkatzen nau, noski. Batez ere dagoeneko azaroan gaudelako eta eguraldi txarrarekin oso toki estimatua delako. Bankua kendu genuenean sare sozialetan kritikatu egin ninduten. Bankuak jarri behar genituela esan genuen eta jarri ditugu. Bestalde, kamerak jartzea aztertzen ari gara. Izan ere, denok arduratsu jokatu behar dugu. Eguraldi txarra egiten duenean adinekoek paseatzeko erabiltzen dute eta haurrek jolasteko, baina zaindu egin behar da. Ez da futbolean jolasteko tokia. Hiri-altzariei baloikadak jotzea ez da zilegi. Inbertsio garrantzitsua egin da eta azoka Zumarragako ikur bat da. Zaindu egin behar da. Bestalde, egia da azoka gunea astegunetan itxita dagoela, baina plazako gainontzeko arkupeak eta Zelai Ariztiko karpa ditugu.
Beste zerbait aipatu nahi al duzu?
Datorren urteko urrian alokairu sozialeko 108 etxebizitza izango ditugu, bereziki gazteentzat. Eusko Jaurlaritzak 13,5 milioiko inbertsioa egin du. Udalak lursaila utzi zion. Bestalde, geriatriko zaharrean adineko pertsonentzako apartamentuak izango ditugu. Tokiko Energia Komunitateaz (TEK) ere hitz egin nahi dut. Aitzindariak eta erreferenteak gara. Estatuko toki askotatik udaletxera deitzen ari dira, nola egin dugun jakiteko. Gainera, aurki bateria batzuk eskuratu behar ditugu kontsumitzen ez den energia gorde ahal izateko. Eta auto elektriko bat eskuratu behar dugu, TEKeko kideentzat. Txikitasunean handi, handitasunean umil.