Antzar Korrikalariek kirol saio solidarioak antolatu dituzte Movemberren alde
Gizonezkoen gaitzak ikertzeko ‘MoHerri’ ekimenarekin bat egin dute aurten ere. Igeriketa proba herrikoi berezia izango da bihar Lazkaon, dirua biltzeko. Triatloi-kiroletan, azaro osoan ari dira.
Azkeneko urteetan bezala, aurten ere Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak bat egin du Movember mugimenduarekin. Azaroan zehar, gizonezkoek jasaten dituzten minbizi motak eta gaitzak ikusarazteko, horiez sentiberatzeko, eta, batez ere, ikerketarako alea gehitzeko, MoHerri egitasmoarekin kolaboratuko dute kirolari lazkaotarrek.
Azaroan zehar, taldekideak egiten duten kirol saio bakoitza eurotara bihurtzen dute, eta Movember Fundazioarentzat diru laguntza pilatuko dute. «Hilabete osoan zehar, taldekide bakoitzak bere kabuz egiten dituen kirol jardun guztiak eurotan jartzen ditugu. Gu triatloian ibiltzen gara; korrikako ordubeteko saioa, euro 1 izaten da, txirrinduan bi orduko saioko, euro 1, eta igerian, 2.000 metro euro bat», azaldu du Antzar Korrikalarietako Iñaki Belamendiak.
Hala, azaro guztiko denboren edo distantzien arabera, kirolari bakoitzak jarriko du diru hori. Taldeak, ondoren, bikoiztu egingo du diru hori, kirolariak emandako kopuru bera erantsita.
Bildutako diru guztia Movember-MoHerri taldeari emango diote, ikerketara bideratzeko.
Igeriketa saio solidarioa
Juntadizo bat ere antolatu dute, helburu berberarekin. Triatloilariek eta Lazkaoko Angilak igeriketa taldeak –zeharkaldiak egiten dituzten igerilariek osatu dute– igeri saio solidarioa egingo dute, bihar, kiroldegiko barruko igerilekuan.
Arratsaldeko 19:15etik 20:15era, 100 metroko taldekako errelebo saioak egingo dituzte, igerian. «Parte-hartzaileak 100 metro bakoitzako euro 1 jarriko du, eta ordubete horretan ahal den diru kopuru handiena lortzen saiatuko gara».
Parte-hartzea irekia da eta nahi duen guztia joan daiteke. Lazkaoko bi kirol talde horietako lagunez gain, Ordiziako taldeko batzuek ere parte hartuko dute, baita beterano taldekoek ere.
Erronka puntu batekin
«Saltsa pixka bat sortzeagatik», lasterketa kutsua erantsiko diote biharko igeriketa probari. Iaz, zazpina laguneko bi talde osatu zituzten, eta bakoitzak 4.000 metro osatu zituen. Dirutan, norberak jarrita eta taldea bikoiztuta, 160 bat euro lortu ziren.
«Igerian aritzeko ere pizgarri polita da bakoitzak ea zenbat metro egin ditzakeen erronka modura jartzea». Bihar, asmoa da hiru talde osatzea dute.