Azaroaren 30eko greba feminista orokorrera batzeko deia egin dute
Zaintzarako euskal sistema publiko komunitarioa lortzeko helburuarekin egingo dute greba. Azaroaren 30 arratsalderako manifestazioa deitu dute Goierriko eragileek.
Aurrekaririk gabeko deialdia egin du Bizitzak Erdigunean Plataformak; azaroaren 30erako greba feminista orokorra deitu du. Goierrin ere grebara batzeko deia egin zuten atzo Beasaingo Erauskin plazan batu ziren arlo sozial, sindikal eta kulturaleko hamarnaka eragilek.
Zaintza greban, zaintza lan guztiak geldiaraztea izango litzateke ideala. Hori zaila izango da. Era berean, zaintzen krisia erdigunera ekartzea da helburua, eta adostasun sozial zabala egituratu zaintzarako eskubide unibertsalaren alde. Bide horretan lanean dihardu Denon Bizitzak Erdigunean, Euskal Herriko Plataforma feminista, azken urteetan, zaintzaren inguruan hausnarketa sakona eginez. «Gaur egungo sisteman, zaintza lanak feminizatuak, bazterrekoak eta oso prekarizatuak daude. Guztion bizitzak balio bera izan behar badu, ez da posible sistema hau sostengatzen jarraitzea eta guztioi dagokigu, instituzio, norbanako, zein komunitate, hori aldatzeko konpromisoa hartu eta urratsak ematea» aldarrikatu zuten Beasainen elkartu ziren eragileek.
Horregatik, azaroaren 30ean greba feminista orokorra «urrats oso garrantzitsua izango da, arazoa eta aldarrikapena kaleratzeko eta jendarteak gaiaren inguruan hausnartu eta antolatzeko», gehitu zuten.
Herri akordioa
Hau ez da egun batetik bestera datorren zerbait. Aspalditik ari dira zaintzen inguruan lanketa egiten, eta pandemiak erabat agerian utzi zuen egoera kritikoa zela. Hortxe ikusi zuten, Denon Bizitzak Erdigunean prozesua abiatzeko beharra, emaitza herri akordio bat izan zelarik.
Herri Akordio horrek aldarrikatzen du «zaintza sistema publiko komunitario bat». Horretarako, «zaintzak negozio izateari utzi eta pribatizazioarekin amaitu behar da», atzo ere azaldu zuten moduan. Horrez gain, zaintza sektoreko lan baldintzak duindu eta babestu behar dira, soldatak duindu; ratioak egokitu…».
Arlo sozial, sindikal eta kulturaleko hamarnaka eragile atxikitu dira
Goierri beheko ekitaldi nagusia Ordiziako Barrena parkean izango da
Etxeko langileen esplotazio egoerei aurre egitea ere beharrezkotzat jotzen du akordioak; «barneko zaintzaile lanak debekatzeko, etxeko lanak erregimen orokorrean txertatzeko, soldatak duintzeko,eta etxeko langile gehienak migratu eta arrazializatuak direla kontuan izanik, atzerritartasun legearen abolizioa eskatzen dugu».
Gainera, «zaintzarako denborak berrantolatzea ezinbestekoa» dela diote. «Zaintzeko baimenak zabaldu eta handitu behar dira eta erantzun- kidetasunean urratsak eman». Horretarako, «gizonek zaintza lanetan dagokien ardura hartu beharko dute».
Azkenik, gutxieneko soldata «1.400 euro eta gutxieneko pentsioa 1.080 euro izatea eskatzen dugu. Baita soldata zein pentsio arrakalarekin amaitzea ere».
A30eko mobilizazioak
Aldarrikapen horien alde, eta zaintzarako euskal sistema publiko komunitarioa lortzeko helburuarekin, azaroaren 30ean grebara atxikitzeko deia egin dute «nahikoa arrazoi badaudelako».
Goierri beheko herrietan, egun horretarako ekintza sorta antolatu dute. Goizean goiz kotxe karabana egingo dute. Eguerdian berriz, herrietan ekimen desberdinak egingo ditute, eta herri bazkariak ere izango dira.
Arratsaldean berriz, eskualde mailako mobilizazioa egingo da. Hiru zutabetan abiatuko da manifestazioa. Lazkaoko zutabea 17:30ean, Beasaingoa 18:00etan eta Ordiziako 18:30ean abiatuko dira. Ekitaldi nagusia Ordiziako Barrena parkean egingo dute.