Goierriko Oiarbide harategia Euskal Herriko IX. txorizo egosi lehiaketan garaile
Zegaman, Beasainen eta Zumarragan dago Oiarbide harategia. Aurten, bigarrengoz, txorizo egosi lehiaketa irabazi dute.
Euskal Herriko IX. Txorizo Egosi Lehiaketa ospatu zen larunbatean Azpeitian. Aurten, Zegama, Beasain eta Zumarragan dagoen Oiarbide harategiak irabazi du lehiaketa. 21 parte hartzaile izan ziren bertan. Oiarbide harategia familiako harategi bat da, lehengusuak aritzen dira lanean. Larunbateko txapela familia osoarentzat «pozgarria» izan zela baieztatu digu Patxi Arangiz harakinak.
Lehendabiziko urtetik parte hartzen dute, nahiz eta behin, urte batean deskalifikatuak izan ziren. Irabaztearen sekretua lanean oinarritu dela esan digu, urteetan zehar eskainitako dedikazioaren isla da. «Gu hasi ginenetik egon gara txorizoak ahalik eta hobekien egiten, eta urteen poderioz txorizo ona lortu dugu. Hau gure bigarren txapela da, txorizoa hobetzeko lanak bere fruitua eman du». Lehendabiziko txorizoa lehiaketako txapela 2017. urtean lortu zuten.
Datozen urteetan beste behin parte hartzea aurreikusten dute. Hala ere, Arangiz larrituta azaldu da ofizioarekiko, «datozen belaunaldiek badirudi ez dutela nahi ofizio hau».