Idiazabalen Irizar eta Iparragirre oroituko dituzte bihartik
Iñaki Iparragirre Iparra 1974. urtean Trintxerpen eta Eduardo Irizar 1984. urtean Oiartzunen hil zituzten. Idiazabaldarrek asteburuan herrian bertan omenduko dituzte.
Iñaki Iparragirre Iparra eta Eduardo Irizar idiazabaldarrak oroituko dituzte asteburuan herrian bertan. Kimu Kultur Elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu bihartik aurrera. Iparra 1974. urtean hil zuten Trintxerpen eta Irizar 1984. urtean Oiartzunen.
Bihar emango diote hasiera Ines Osinaga musikariaren eta Joseba Sarrionandia poeta eta idazlearen Katuen Kontuak ikuskizunarekin. Doakoa izango da saioa, 19:30ean hasiko da Guraso Elkartean. Bidaia luzeko kantuak bilduko dituzte bertan, izan ere, Sarrionandia Habanan izan zeneko testuak partekatuko dituzte, Atlantikoa zeharkatuz Euskal Herrira heldu diren horiek.
Ostiralean, Andoni Olariaga filosofoak Palestinaren inguruko hitzaldia emango du udaletxeko areto nagusian, 18:30ean.
Larunbatean, ekitaldi politikoa egongo da, 12:30ean. Zigor auzoan dauden Iñaki Iparragirre Iparraren eta Eduardo Irizarren oroitarrietan. Jarrain, Igarondo pilotalekuan, mus txapelketa egingo dute, 15:00etan hasita.
Eta, amaitzeko, azken egunean, igandean, mendi irteera egingo dute Atxurbira, 09:00-etan plazatik abiatuta Aralarreko parajea ikusiz. 14:30ean bazkaria izango dute Arretxe elkartean.