Kiwi eta intxaur garaia da
Fruta kontuak izan dira nagusi oraingoan Ordiziako ferian, baina Nafarroatik iritsitako lehen kardu piezak eta kanpoko lekale eskaintza ere ez dira baztertu behar. Gozo kontu berriak ere azaldu dira.
San Martin egunaren bueltan bildu ohi izan dituzte kiwiak, eta Ordiziako azokara San martin egunaren bueltan iritsi da fruta hori, intxaurrarekin batera. Fruta kontuak izan dira nagusi garai honetarako tenperatura nahiko epelekin gaur goizean egin den ferian.
Bestela, Movember, azaroaren 30eko zaintzaren inguruko greba eta beste aldarrikapen batzuek, eta D’Elikatuz zentroaren bitartez bisitan iritsitako Legazpiko Domingo Agirreko LH4ko ikasleek giro ederra jarri dute dute plaza inguruan.
Intxaurrak eta kiwiak
Aurten ez dela intxaurrik izan entzun da behin baino gehiagotan Plaza Nagusiko postuetan azken asteetan, baina Mutiloako Beñat Telleriak jaso ditu, eta gaur eraman ditu saltzera. Hemengo lehen intxaurrak ziren, eta orain arte bakarrak gainera. Kiloa 5 euroan jarri du salgai.
Kiwia, berriz, Aramatik iritsi da, Patxi Arizmendik eramanda, eta kanpotar jatorria duen fruta horren kiloa ere 5 euroan jarri du salgai. Oraindik gogor samarrak daude kiwiak, baina Arizmendik azaldu duenez, biguntzeko eta jateko gertu jartzeko modurik onena, hozkailuan kontserbatzea omen da.
Berritasun gehiago ere izan dira gaur, bat Zeraingo Intxaustiren postuan, bimia, alegia. Brokoliaren familiako barazki horren kiloa 6,5 euroan saldu du. Intxaustik azaldu du produktu berriak probatzea gustatzen zaiola, eta bimiarekin iaz hasi zela. Lehenengo kanpaina hartan ondo saldu omen zuen, eta aurten berriz landatzea erabaki zuen. Dagoeneko prest du, eta gaur saltzen ari zena ikusita, aurten ere arrakasta izango du produktu horrek.
Gozo kontuak
Bestela, gozo kontuak ere albiste izan dira gau, zidra kuiarekin eta gazta kremaz eta tomate konfituraz egindako produktu batekin.
Zidra motako kuia zuten Edurne Jauregik eta Arantxa Iparragirrek zuten salgai. Kuia mota hori aingeru adatsa izeneko gozoa egiteko erabiltzen da, bizkotxoa, hostorea edo ensaimada bezalakoak betetzeko edo apaintzeko erabiltzen dena. Hain zuzen, Arantxaren senarra Patxi Izagirrek Tolosako Ibañez gozotegian saltzen zituzten pastel batzuk gogoratu ditu, gainean aingeru adatsa zutelako. Ibarrako bikote honen ondoan postua duten Uliako Labeko kideek, berriz, zidra kuia marmelada egiteko ere erabiltzen dela esan dute, baina oso gogorra denez, aurretik oso-osorik labean erre edo uretan egosi behar dela azaldu dute. Horrela bigundu ondoren, ateratako mamia azukrearekin, kanelarekin eta limoiarekin egosita lortzen omen da marmelada hori.
Balerdipeko ezti saltzaileek ahuntz gazta kremaz eta tomate konfituraz betetako poteak jarri dituzte salgai, 200 gramokoak, 4,40 euroan. Produktu berria eta berezia da hori; gazta krema Ordiziako feria honetan ondoan izaten duten Niko Delsert gaztagileak egindako ahuntz gazta erabiltzen dute, eta tomate konfitura egiteko, eztia azukrearen ordez.
Perretxikoek, berriz, gutxi dute gozotik. Gaur, 210 kilo onddo (14-32 €), 60 kilo niskalo (18-22 €), 39 kilo ziza hori (20-22 €), 10 kilo saltsa perretxiko beltz ( 26 €) eta 10 kilo mendiko angula (20 €) izan dira salgai guztira. Lasak, gainera, 10 eper ere eskaini ditu, luma eta guzti, pieza bakoitza 10 euroan.
Kanpoko lekaleak eta kardua
Garai honetan Mañuecoren lekale eskaintza ere aipatu behar da. Era askotako babarrunak ditu: bertako beltza, gorria, zuria, pintoa, berdina, kanela, karilla… (3,95-13,95 €). Dilista eskaintza ere zabala du: Gaztelakoa, pardina, eston, kabiar, koral… (2,95-3,95 €). Eta garbantzu edo txitxirioak ere baditu: ohikoak, Pedrosillano eta beltzak (3,95-4,95 euro artean). Mañuecok urdaiazpiko iberikoa eta Jabugokoa, Galiziako lakona, txorizoa, solomoa eta beste hestebete batzuk ere saltzen ditu, baita zainzuri kontserbak eta piper erreak ere. Zuhaiztian du postua, fruta saltzaileen ondoan.
Eta fruta sailtzaileen artean ere izan da berritasunik gaur, Nafarroako karduak jarri dituztelako salgai, pieza osoak, bakoitza 4,5 eta 4,95 euro artean.