Musikariaz gain, eskulangile fina
Musikaz eta motorraz gain, Elias Diezek badu beste zaletasun bat, gertukoek bakarrik ezagutzen dutena. Eskulanetan oso trebea da, eta birziklatutako materiala erabiliz, motorren eta gitarren maketak egiten ditu.
Hiru zaletasun nagusi ditu Elias Diez Santiagok, eta horietako bik ezagun egin dute Legazpin. Musika da bat, Alaitasuna Errondailako kide da gazte-gaztatik, eta bandurria eta gitarra jotzen ditu taldean. Motorra da beste bat, eta bere janzkerak eta itxurak bat egiten du moto zaletasun horrekin; Suzuki Intruder M800 bat du.
Diezen hirugarren zaletasuna ez da hain ezaguna, eta gertukoek bakarrik dute horren berri: eskultura txikiak egiten ditu alanbre, burdin, egur eta beste material batzuekin.
Eskulanetan trebea eskolan
Eskola garaitik datorkion zaletasuna da eskulanena. «Fraideetan ikasi nuen, eta taldeka horma-irudiak egin behar izaten genituenean, denek nirekin lan egin nahi izaten zuten, oso txukunak ateratzen zitzaizkidalako». Marrazten ere trebea zen, eskulan guztietan hain zuzen, «hamarreko notak ateratzen nituen eskolan gai horietan, eta marrazki lehiaketak ere irabazten nituen, nire anaia Tarsiciorekin lehia handia izaten banuen ere. Lehenengo bi sariak irabazten genituen bion artean beti».
Margotzea «ikaragarri» gustatzen zaio, eta sormenerako duen erraztasunari bidea emanez, herriko hainbat enpresa eta dendetako errotuluak egin ditu, eskuz, baita futbol zelaiko garai bateko iragarkietako batzuk ere. Gaztea zela parrokiko lokaletan egin zen erakusketa baterako utzi zituen koadro batzuk ez ditu ahazteko, «desagertu egin ziren; baten baten etxean egongo dira». Koadro handiak zirela dio, elurtutako paisaiekin, eta atzean bere sinadura zutela.
Motorren maketak
Lan horiez gain, eskultura txikiak ere egin ditu, bilduma eder bat osatzeraino. Motor eta bizikleta maketak dira gehienak, alanbre, torloju, errodamendu eta burdin, larru, plastiko eta goma zatiekin egindakoak, «birziklatutako materiala da guztia, gehiena lan egiten nuen lantegian zaborrera botatakoa».
Lehenik, eskema bat egiten du paperean, «motorra baldin bada, gurpilak, urkila, eskulekua, gasolina depositua, aulkia, motorra, ihes hodia, lohi babesa… marrazten ditut, eta gero materiala aukeratu eta poliki-poliki hasten naiz eskema hori gauzatzen». Izan ere, maketa horiei ez zaie ezer falta. Dozenatik gora ditu eginda.
Bizikletak eta trizikloak ere egin ditu, eta «argimutilak ere bai, nahiko handiak, beste eskultura txiki batzuk…». Maketa eta bestelako piezen bilduma polita du osatuta , eta etxean ditu denak gordeta, baina ez ditu salgai, «niretzat dira guztiak».
Gitarrak ere bai
Egurra ere lantzen du Diezek, eta material horrekin abioiak, helikopteroak, txoriak, surf taulak eta batez ere, musika tresnen maketak egin ditu, «gitarrak, ukeleleak… horietako batzuk errondailaren entsegu lokalean daude, eta asko oparitu egin ditut». Funtzionatzen dutenak ere landu ditu, «ukelele bat dut, egurrezko atala osorik nik egindakoa… Bandurria bat ere bukatzear daukat, Alhambra markako kaxa batekin egiten ari naiz». Beste gitarra kaxa bat ere badu, eta hori ere osatu nahi du.
Baina orain, jubilatuta dagoen arren, «inoiz baino denbora gutxiago» duela dio Diezek. Horregatik ez du aspaldian eskulanik egin. Hala ere, berriz ere laster hasiko dela agindu du.