23. Korrika Irundik Baionara, martxoaren 14tik 24ra
Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute Korrikaren 23. edizioa. ‘Harro Herri’ lelopean zeharkatuko ditu Euskal Herriko errepideak. Kartelean ‘Gernika’ islatzen da.
Korrikako batzordeak eta AEK-k gaur aurkeztu dute Korrikaren 23. edizioa Donostiako San Telmo museoan. 2024ko Korrikak martxoaren 14tik 24ra zeharkatuko du Euskal Herria. Irunen hasi eta Baionan amaituko da. Harro Herri izango da leloa.
Aurkeztutako kartelean euskal identitatearekin lotutako gauza asko ikus daitezke; hala nola, Picassoren Gernika. Anabel Arraizak aurkeztu du, eta «hizkuntzaz harro» gaudela adierazi du. Pasa den urtean gehien jarraitu zen aldia izan zelako, pandemiaren ondorengo euskal mobilizazio handiena izan zen. Horregatik, «komunitate bat, herri bat, oztopo guztiak gainditzeko gai den Herri Harroa gara».
Aitziber Balantzetegik, AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakariak, euskaldunon komunitateak euskararekiko jasan duen oldarraldiaren inguruan jardun du. Euskal Herri osoan euskararen normalizazioa alde egin behar dela adierazi du. «23. edizio honetan Harro bai, baina ez konforme».