Azaroaren 24ko eta 25eko elikagaien bilketarako boluntarioak behar dituzte
Egun horietan egingo du Elikagaien Bankuak 2023ko bilketa handia. Ordizian Lagunkiro arduratuko da bilketaz.
Azaroaren 24an eta 25ean egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 2023ko bilketa handia. Gipuzkoa osoko 85 denda eta establezimendutan egingo dira bilketak, baita Ordizian ere. Ordiziako bilketarako boluntarioak behar dituzte.
Produktuez gain, bonuak ere jasoko dituzte. Lagunkiroko boluntarioak arduratuko dira bilketaz. San Bartolomeko Eroskin izango dira elikagaiak biltzen bi egun horietan, 9:00etatik 21:00etara, eta herritarrak deitu dituzte laguntzera. Hiru txandatan banatuko dira: 9:00etatik 13:00etara, 13:00etatik 17:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Parte hartu nahi dutenek Lagunkirorekin jarri daitezke harremanetan, 696 341 584 zenbakian.