Beñat Senarrek Seguran egingo du debuta Baikorekin
Bi urterako kontratua sinatu du Baiko Pilota enpresarekin 22 urteko pilotari ataundarrak. Azaroaren 26an jokatuko du profesionaletako lehen partida Segurako Baratze pilotalekuan.
Beñat Senar Apalategi 22 urteko pilotari ataundarrak profesionaletan debuta egingo du azaroaren 26an Segurako Baratze pilotalekuan. Baiko Pilota enpresak atzo jakinarazi zuen berria sare sozialean bidez. Bi urterako kontratua sinatu du.
Aimar Olaizola Baikoko kirol arduradunaren hitzetan, Senarrek “eskuin indartsua du, eta horri esker, tarte handia irekitzen du. Ezkerrarekin berriz, oso ondo maneiatzen du gantxoa. Buruz burukoan gustura ibiltzen den pilotaria da, eta afizionatu mailan lortu dituen emaitzak ikustea besterik ez dago”.
Afizionatuetan lorpen ugari
Bukatzear den urte honetan, Senarrek Espainiako Txapelketa, Errege Kopa eta Joxan Tolosa torneoa irabazi ditu eskuz banaka. Gipuzkoako Ohorezko Mailako Binakako txapelduna ere bada aurrelari ataundarra pasa den asteburuan finala irabazi eta gero.
Senar Ataungo herriko pilota eskolan hasi zen jokatzen, eta ondoren Lapke-ko (Lazkaoko Antzar Pilota Kirol Elkartea) harrobian hazi zen.
Pilotari ataundarra eskertuta azaldu da Baikok debuta egiteko emandako aukeragatik.