CAFeko langileek mobilizazioei eutsiko diete egungo baldintzak hobetzeko
Zuzendaritzaren proposamenak iritzi aldaketa eragin du, baina protestekin jarraitzea bozkatu du langileen gehiengoak. CAFek aparteko lan orduak konpentsatu beharko dizkie ehunka langileri.
Beasaingo eta Irungo CAFeko lantegietan egindako batzarretan ELA, CCOO eta UGT sindikatuek hitzarmen berri bat negoziatzeko mobilizazioak bertan behera uzteko egindako proposamena atzera botatzea erabaki dute, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez. Hala, gaur bertan mobilizazioei helduko diete berriro ere, «langileen egungo baldintzak hobetuko dituen hitzarmen baten defentsan».
Iragan urriaren 26an hasi zituzten mobilizazioak CAFeko langileek, sindikatu guztiek hala adostuta. Ordutik, astearteetan eta ostegunetan egin dituzte lanuzteak. Enpresaren zuzendaritzaren aldetik urratsak eman ezean, azaroaren 23ra arte mobilizazioekin jarraitzeko adostasuna lortu zuten. Horren ondorioz, «zuzendaritzaren laugarren proposamen bat lortu genuen», azaldu dute LABeek.
Mugimendu horrek, protestekin jarraitzeko iritzi aldaketa bat eragin zuen. «ELAk, CCOOk eta UGTk mobilizazioak gelditzea eskatu zuten», LABek jakinarazi duenez. LAB eta ESK, berriz, «jarraitzearen alde» agertu ziren, «eduki eta baldintza nahikorik ez zegoelako».
Azkenik bozketa egin zuten, eta protestekin jarraituko dute. LABek emandako datuen arabera ondorengoak izan ziren bozketaren emaitzak: Beasaingo lantegian, mobilizazioak bertan behera uzteko proposamenak 411 boto jaso ditu guztira, eta mobilizazioei eusteko proposamenak, LABek eskatu bezala, 825 boto jaso ditu; Irunen, 41 izan dira mobilizazioak bertan behera uztearen aldeko botoak, eta 172 mantendu dira. ELAk CCOOren eta UGTren babesarekin egindako lanuzteak bertan behera uzteko proposamenak Madrilgo lantegian baino ez du aurrera egin.
Aparteko orduak
CAF enpresak Beasaingo lantegian lan egiten duten milatik gora langile tituludunen lan orduak zenbatu eta aparteko orduak denbora librearekin konpentsatu beharko ditu, hemendik aurrera eta atzeraeraginezko efektuarekin. Betebehar hori, Lan Ikuskaritzak ezarri du, LAB sindikatuak jarritako salaketa baten aldeko ebazpena dela-eta, LAB sindikatuak berak jakinarazi duenez.