Egin TTap! online lehiaketan parte hartzeko izena azaroaren 23ra arte eman daiteke
Azaroaren 24tik 30era izango da. Zazpi egun horietako bakoitzean zazpi galdera erantzun beharko dituzte parte hartzaileek, zazpi minututan. Irisarri Land-eko sarrerak zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Egin TTap! online lehiaketan izena emateko deia egin du Hitzaro Euskara Elkarteak. Azaroaren 23ra arte eman daiteke izena, labur.eus/eginttap estekan.
Azaroaren 24tik azaroaren 30era egingo da lehiaketa. Helburua haur eta helduak, familian zein lagunartean, zazpi egun horietako bakoitzean zazpi galdera erantzutea da, ahalik eta azkarren, gehienez zazpi minututan. Kultura, natura, musika, geografia…gai ezberdinei buruzko galderak izango dira. Euskaraz ondo pasatzeko momentuak sortzeko jarri dute martxan lehiaketa. Parte hartzaile guztien artean Irisarri Land-eko sarrerak zozkatuko dituzte.
Parte hartzeko haur eta helduz osatutako 2-5 pertsonako taldeak osatu behar dira. Haurrek 9-12 urte artean izan behar dituzte, eta taldean, gutxienez, heldu bat egon behar da. Izena eman dutenei egunero esteka bat bidaliko zaie mugikorrera, 18:00etan, eta bertatik erantzun beharko dituzte galderak.