Erea Lopez ‘Arnasa betean’ dokumentalaren emanaldian izango da, zuzendariekin
Donostiako Zinemaldian estreinatu zen eta gaur, 19:30ean, Ordiziako Herri Antzokian emango dute. Erea Lopez ordiziarra filmeko urpekarietako bat da. Euskal emakume zinemagileen ibilbidea jasotzen du filmak.
Donostian bizi den Erea Lopez ordiziarrak Arnasa Betean dokumentalean parte hartu du, urpekari lanak egiten. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen filma, irailean, eta gaur Ordiziako Herri Antzokian emango dute, 19:30ean. Erea Lopez bera izango da emanaldian, filmeko Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia zuzendariekin batera. Bi zuzendariek dokumentala aurkeztuko dute aurrena, eta proiekzioaren ondoren solasaldia izango da.
Euskal emakume zinemagileen ibilbidea jasotzen du lanak, atzoko eta gaurko zinegileak protagonista izanik, datozen belaunaldietako emakumeei bultzada emateko asmoz. Zinema ardatz hartuta, emakumeen egoeraren ikuspegi unibertsala ematen da. Hiru urpekarik itsaspeko bidaia batean gidatzen dituzte ikusleak, emakumeek zuzendutako filmen zehar. Hiru urpekari horietako bat da ordiziarra. Lopezek azaldu duenez, «hasieratik ilusioz betetako proiektua» izan da berarentzat, bere bi pasioak uztartzeko aukera izan duelako: apnea eta zinema. Zine ikasketak egin zituen eta apnea instruktorea da, baina «kointzidentzia hutsa» izan da.
Apneista izateagatik deitu zioten. Urpekari libre euskaldunen bila ari ziren eta berarekin jarri ziren harremanetan. «Oso gutxi gara kirol honetan aritzen garenak, eta are gutxiago neskak». Urte askoan Ordiziako Igeriketa eta Urpekoen taldeetan ibilitakoa da Lopez.
Hemeretzi zinegileren testigantzak
Lara Larrañaga eta Ainhoa Incognito dira beste bi urpekariak. Euskal Herriko uretan grabatu nahi zuten arren, urazpiko irudiak Menorkan grabatu zituzten eguraldiagatik. Dokumentaleko filmazio guztiak 2022ko iraila eta abendua artean egin zituzten. Elkarrizketetan agertzen dira Leire Apellaniz, Maddi Barber, Ana Diez, Arantxa Echevarria, Maria Elorza, Iratxe Fresneda, Mireia Gabilondo, Isabel Herguera, Lara Izagirre, Marina Lameiro, Ana Murugarren, Maider Oleaga, Izibene Oñederra, Maite Ruiz de Austri, Alauda Ruiz de Azua, Arantza Santesteban, Helena Taberna, Esti Urresola eta Bego Vicario zinemagileak.
Gaur Ordiziako zinera gerturatzen direnek filmaren inguruko azalpenak zuzendarien ahotik entzuteko aukera izango dute.