Tokiko merkataritzaren alde egiteak, gertutasuna eta sariak ditu Beasainen
Urteko kanpaina garrantzitsuena hastear dela, bertako establezimenduen aldeko apustua egiten dutenei «eskerrak» eman dizkiete. Bonuak abenduaren 1tik egongo dira salgai.
Tokiko saltokien lana baloratzen dakiten erosleak izatea funtsezkoa da, eta hain zuzen ere, Beasaingo Bareak merkataritza elkarteko kideek, «esker» hitzak baino ez dituzte, «gu aukeratzeagatik». Aste garrantzitsuak dituzte aurretik, Gabonak gertu dira, eta Beasaingo Bareak elkarteko kideak eskaintza zabal bezain erakargarriarekin datoz.
«Tokiko merkataritza sustatzen jarraituko dugu; lanpostuak eta ekonomia daudelako jokoan, baina gainera, eragin soziala ere badutelako tokiko saltokiek, ostalaritza establezimenduek eta zerbitzuek, izan ere, herriari bizia ematen diete, eta harremanak sustatzen dituzte», adierazi du Adur Ugartemendia zinegotziak, balioa emanez.
Gaur gaurkoz, 70 bazkidetik gora daude Bareak elkartean, non denetariko produktuak eskuratu daitezkeen. Bertakoa kontsumitzeak duen garrantzian azpimarra eginez, baina batez ere «gertutasuna» dute bereizgarri, besteen ondoan, Mari Jose Irazustabarrenak ondo azaldu duen moduan. Gertutasuna delako, «beste erosketa mota batzuekin lortzea ezinezkoa den zerbait».
Gabonetan ere herrian
Kontsumoari begira, urteko sasoi garrantzitsuena da Gabonen ataria, eta tokiko merkatariek herritarrei zabaldu nahi izan dieten mezua izan da, «bertakoaren aldeko apustua egiten jarrai dezatela».
Erosleek tokiko merkataritzan konfiantza izaten jarrai dezaten, lanean ari dira, etengabe. Opariak banatuko dituzte. Balu artista goierritarrak sortu duen irudirekin apaindutako oihalezko poltsa izango da oparietako bat. Erosketak bertan egiten dituztenei banatuko zaie.
Gainera, Gabonetako opariak erosteko oso deskontu erakargarriak izango dira, erosketa bonuei esker. Abenduaren 1ean jarriko dituzte salgai, Bareak elkartearen egoitzan. 40 euro ordainduta, 50 euroko erosketa bonua eskuratuko da.
Urteroko moduan, saltokiak eta ostalaritza establezimenduak galaz jantziko dira, erakusleiho lehiaketarekin, eta dotoreenek, saria izango dute. Sariak ere, erakusleiho onenak izendatzeko botoa ematen dutenen artean. Hain zuzen ere, 200 euroko txeke bat eta 100 euroko bi txeke banatuko dira, lehiaketan parte hartzen duten establezimenduetan erabiltzeko. Abenduaren 9tik 19ra bitartean izango da botoa emateko aukera, Bareak-eko bazkide den edozein establezimendutan egongo den txartela bete eta bertan utzita; Facebook bidez mezu pribatua bidalita; edo Txartela Beasaingo Udaleko iGuneko sarreran utzita. Irabazleen izenak komunikabideen bidez jakinaraziko dituzte, eta abenduaren 28an egingo dute sari banaketa.
Horretaz aparte, kale ekintzak izango dira Gabonetako asteetan, kaleetako argiteria ederraz gain. Tren txutxua ibiliko da, eta bestelako ekintzak ere izango dira.
«Beste inora joan gabe, Beasainen, beharrezkoa den guztia eskuratu daiteke; aukera zabala, gertukoa, eta konfiantzazkoa baititugu», borobildu dute tokiko merkatariek.