Zaldibiako jaiak «jendetsuak» izan zirela iritzi diote balorazioan
Jokabide eta ekintza batzuk ere gaitzetsi behar izan dira. 2024ko egunak finkatuta utzi dituzte jada.
Zaldibiako Festa Batzordeak duela bi aste egin zuen Santa Fe jaien balorazio bilera. Batetik, inkesta batean galdetu zieten herritarrei iritzia, eta 177 lagunek erantzun zuten. Bestetik, indarguneak, hobetu beharrekoak eta 2024ko jaien egutegia zehaztu zituzten batzarrean.
Festa «jendetsuak» izan direla atera zen, lehen balorazio bat; eguraldiak lagundu zuen. «Orokorrean balorazio positiboa» egin dute, baina deitoratu beharreko zenbait jarrera, jokabide eta ekintza salatu behar izan dira: Artxanberriko harria mugitzea, komun publikoetan kalteak, landareak haustea, pintaketak… «Jarrera matxista probokatzaileak» ere izan dira, eta horiek ez dutela lekurik adierazi zuten bileran.
2024ko egutegia jarrita
Bileran finkatu zituzten 2024ko Santa Fe jaietako egunak. Urriaren 3, 4, 5, 6 eta 12an ospatuko dira. Festak antolatzeko lehen bilera otsailean edo martxoan deitu dute.
Hain zuzen, inkestan herritarren %53 festak ostegunarekin hastearen aldeko agertu dira, eta %41 aurka. Urriaren 6an «beti» zerbait antolatzea izan da ekarpen errepikatuena (11 lagunek); ondoren, festak jarraian eta asteburu bakarrean izatea (9 lagun), oraingo formatua errespetatzea, bezperan hasita (8).