EH Bilduk Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztuko du
Mankomunitatea osatzen duten lau herrietan zinegotzi gehien duen taldea da, hamabost guztira. Herrien arteko elkarlanaren garrantzian jarri du azpimarra taldeak.
Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakaritzarako bere hautagaitza aurkeztuko duela jakinarazi du EH Bilduk, erakunde horren batzarrean gehiengoa duen alderdia delako. EH Bilduk hamabost zinegotzi ditu guztira Goierri garaiko lau herrietan, EAJ-k hamahiru ditu, PSE-EEk hamar, Ezkio Eraikiz-ek zazpi, eta Legazpiko Berdeak + Independenteak zinegotzi bat. Horren aurrean, “arduraz jokatu dugu eta irailean alderdi guztiak bilera batera deitu, eurekin elkartu eta lehendakaritza hartzeko prestutasuna eta legealdiko lan ildoen proposamen bat aurkeztu genien”.
Bestetik, udalak eratu zirenetik sei hilabete pasa diren arren, Urola Garaiko Mankomunitatearen eraketa oraindik ez dela gauzatu ohartarazi dute, eta “eskualdeko proiektu eta lan ildoekin aurrera egiteko, inpass egoera honetatik ahalik eta azkarren” atera behar dela uste dute, eta “datozen egunotan Urola Garaiko Mankomunitatea eratzeko batzarra deitzea” espero dute.
“Legealdi zaila”
Aurreko legealdia ere gogoratu dute. “Denok gogoratuko dugu 2019ko Urola Garaiko Mankomunitateko eraketa batzar hura, EAJ-k zuen gehiengoa baliatuz Elkarrekin Podemos mankomunitatetik kanpo utzi nahi izan zuen, eta alderdi sozialistak zegokion erantzukizuna alde batera utzi eta uko egin zion lehendakaritzari. Momentu horretan, ordura arte lehendakaritza udalerrika txandakatzeko hitzezko akordioa pikutara joan zen”.
Legealdi “zaila” izan dela diote, eta EAJ eta alderdi sozialistaren arteko “harreman txarrak” baldintzatu duela nabarmendu dute. Baina “EH Bilduk arduraz jokatu du, eta beti erakutsi du jarrera eraikitzailea eta lankidetzan jarduteko asmo irmoa. Arlo sozioekonomikoari, soziosanitarioari, euskarari eta landa eremuari lotutako hainbat proposamen egin ditugu. Sinesten dugu lau herriak elkarrekin eskualdearentzako garrantzitsuak diren proiektuak aurrera atera ditzakegula, eta horretarako estrategia bat eta plan bat dugu mankomunitatearen gidaritza hartzeko”.
Herrien arteko elkarlana “garrantzitsua” da EH Bildurentzat. “Baditugu dagoeneko partekatzen ditugun zerbitzuak eta horietan sakontzen jarraitu behar dugu. eta beste hainbat alorri heldu”. Gainera, “Urola Garaiko Mankomunitatearen birsortze prozesu bat abiaraztea” proposatzen dute: “Mankomunitatearen inguruko hausnarketa bideratu, helburuak, funtzioak eta gobernantza eredua definitu, eskualdeak dituen erronka berrietara egokitu eta zaharkituta dauden Mankomunitateko estatuak berritu. Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrunago”.
Horrez gain, diseinatu duten plana “anbiziotsuagoa” dela adierazi dute, eta enpresa garapenari, trantsizio energetikoari, euskarari, landa eremuari eta mugikortasunari lotutako erronkei erantzuteko landu dute plan hori.