Gari Ugartek Laboral Kutxarekin egingo du hurrengo denboraldia
Talde euskaldunak denboraldi berrirako txirrindularien zerrenda kaleratu berri du, eta junior mailako Bellota-Goierritik datorren legazpiarra tartean dago.
Gari Ugarte Larrea txirrindulari legazpiarrak Laboral Kutxa talde amateurrarekin egingo du hurrengo denboraldia. Laboral Kutxak denboraldi berrirako txirrindularien zerrenda kaleratu berri du. Taldeak 18 txirrindulari izango ditu guztira, hamalau 23 urtez azpikoak eta lau elite mailakoak. Zerrendan bost izen berri agertzen dira, eta horien artean dago junior mailako Bellota-Goierri taldetik datorren Legazpiko Ugarte.
Taldeko arduradunek adierazi dutenez, 2024ko helburu nagusia txirrindulariak prestatzea izango da, eta “batzuek Euskaltel-Euskadirekin profesional izateko ametsa betetzea”.
Ugarteri dagokionez, junior mailako “altxor” bat dela esan dute, taldean ere izango den Eneko Ortegarekin batera. Junior mailako “txirrindulari garrantzitsuenetako bi” izan dira, eta “hazten eta garatzen jarraitzeko” aukeratu dituzte Euskadi Fundazioak eta Laboral Kutxak.
Hauxe da Laboral Kutxaren 2024rako taldea:
Adrian Martínez, Eneko Ortega, Gari Ugarte eta Urko Vidal (2005); Imanol Aceña, Xabier Cerro, Aimar Galdos, Luis García, Gabriel Ibañez eta Ruben Rodrigues (2004); Aitor Agirre eta Danel Casais (2003); Ander Lopez eta Asier Castilla (2002); eta Iñaki Diaz (2001), Ander Ganzabal (2000), Iñaki Murua (2000) eta Iker Trigo (2001).