Lenburrek ipuina eskaini die Mari Domingiri eta Olentzerori
Ane Odriozolak idatzi du, ilustrazioak Dani Uribetxebarriak egin ditu, eta Nerea Elustondoren bertsoak ere baditu. Salgai dago herriko hainbat puntutan.
Mari Domingi eta Olentzeroren zaku magikoa izenburuarekin, ipuina kaleratu du Lenbur Fundazioak bi pertsonaia horiek protagonista hartuta. Ipuineko testuak Ane Odriozolarenak dira, Dani Uribetxebarriak egin ditu ilustrazioak,eta Nerea Elustondoren bertsoak ere jasotzen ditu lanak. Hiru egileak legazpiarrak dira.
Ipuina Legazpin bertan dago salgai momentuz, Mirandaolako turismo bulegoan, Bikuña jauregian, Apatxo liburu dendan, Ruth lora dendan eta Gazi Gozo goxoki dendan. Salmenta puntu gehiago zehaztuko dituzte aurrerago. Durangoko Azokan ere izango da salgai, baita Donostiako Santo Tomas ferian ere.
Lenburren aspaldiko lagunak
Ez da kasualitatea Lenburrek ipuin hau argitaratu izana, Mari Domingi eta Olentzero aspaldiko lagunak dituelako. Hamabi urte dira Gabonak gerturatzean bi pertsonaia horiekin familia jarduerak egiten dituela Mirandaola parkean eta burdinolan, ikazkinarekin bakarrik hasieran, eta Mari Domingirekin ere bai azken urteetan. Olentzero, burdinolarentzako ikatza eramaten duen pertsonaia da saio horietan, eta Mari Domingi, emakume jakintsua eta burdinolako lanetan gertatzen diren erredurak eta beste zenbait gaitz sendatzeko ukendu magikoak prestatzen dituena.
Lenburreko arduradunek azaldu dutenez, haur literaturan liburu eta ipuin ugari daude Olentzerori eskanitakoak, baina Mari Domingiri buruzkoak oso gutxi. Horregatik erabaki dute bi pertsonaiak elkartzen dituen argitalpen bat egitea, eta bertan Mari Domingiri behar duen lekua ematea.
Hiru egile legazpiar
Mari Domingi eta Olentzeroren zaku magikoa ipuinari Ane Odriozola idazle legazpiarrak eman dio forma hitzekin, eta «istorio zoragarria idatzi du, abentura bat, non zaku magikoan gordeta dauden haurren opariak arriskuan dauden».
Marrazkiak «maitasun bereziz eginda daude, xehetasun guztiak zainduz». Dani Uribetxebarria margolariak egindakoak dira, hau ere Legazpikoa, eta bere lanean «deigarria da» tatuaje bat duen edo telefono mugikorrez hitz egiten duen Mari Domingi bat islatu izana. «Tradizioari eutsi arren, pertsonaiak eguneratu egin dira».
Nerea Elustondo bertsolaria da ipuinaren hirugarren egilea. Liburuan jasota dagoen Olentzero joan zaigu abestia legazpiar horrek jarritako bertsoekin amaitzen da. «Modu honetan, gurea den bertsolaritzaren kultura zabaltzen ere saiatu gara».
Legazpiko Olentzero eta Mari Domingiren jarduera erreferentea da euskal familientzat, eta ipuin honek «Legazpi, Burdinaren Harana, gure kultura eta tradizioa etxeko txikienei ezagutarazten lagunduko du».
Ipuin kontaketa bereziak
Liburua argitaratu eta gero, ipuin kontaketa saio bereziak egin nahi ditu Lenburrek herriko ikastetxeetan egileekin. «Emakumeen erreferenteak plazaratu behar ditugu!».