Hartzaren urratsa ibilbidea egingo du Izadi Zaleak mendi taldeak, etapaka
Abenduaren 3an hasiko da, eta bost zatitan egingo du. Lehen etapako ibilbideak 20 kilometroko luzera du, eta 950 metroko desnibela.
Izadi Zaleak mendi elkarteak GR289, Hartzaren urratsa ibilbidea hasiko du abenduaren 3an. Debagoieneko haranaren inguruan osatutako ibilbidea da, eta bost etapa ditu. Denboraldi honetan, lehenengo bi etapak egingo dituzte mendizale legazpiarrek, eta gainerako hirurak hurrengoan egingo dituzte.
Mendi elkarteko kideek adierazi dutenez, “denboran zehar, hartzek beren arrastoa gure mendi eta basoetan utzi dute, Arrikrutz eta Lezetxiki kobazuloetan aurkitutako aztarnek erakusten duten bezala. Historiak dioenez, 1867an haraneko azken hartza Antzuola herrian hil zen. Baserri eta leku ugarik oraindik ere hartzen presentziari buruzko erreferentziak gordetzen dituzte. Ibilbide honetan, naturaren edertasunean murgilduko gara, gure ondarea arakatuko dugu eta gure lurraldeek partekatzen duten historia aberatsa ezagutuko dugu”.
Lehenengo etapak Bergara eta Arrasate lotuko ditu mendiz. Bergarako Azoka ingurutik abiatuko dira, Goiauzo bitxirantz. Handik, Angiozarreko Partaitia auzoko baserriak zeharkatuko dituzte, Elgetako Asentzio ermitara iritsi arte. Intxorta mendiaren azpitik igaroko dira gero, eta han gerra zibileko lubaki historikoak ikusi ahal izango dituzte. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan barrena dagoen bideari jarraituko diote ondoren, eta Kanpanzarko mendatean bukatuko dute. Udalaitz mendiaren magalean, harrobiaren azpitik gurutzatuz, Galarraga haitzulora joko dute. Han, oroitzapenezko plaka batek Isabel II.a erregina omentzen du. Ibilbideari jarraituz, Udala auzora iritsiko dira eta bukatzeko, Arrasateko hirigunera jaitsiko dira, zehazki Monterron parkera.
Ibilbideak 20 kilometroko luzera du, eta 950 metroko desnibela. Irteera 07:30ean izango da elkarte ondotik, eta itzulera 14:30ean.