Brokoliak ere kolore morea du
Ordiziako feriak aldarrikapenerako tartea hartu du gaur ,eta Azaroaren 25arekin bat egin du brokoli morearekin. Movember ere oso presente egon da; Goizaneren bibotea izan da horren erakusle.
Azalorea eta bimia bezala, brokolia ere kolore morez jantzi da, azaroaren 25eko aldarrikapenekin bat egiteko asmoz edo. Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna da larunbata, eta kolore morea borroka horren ikurra bihurtu da. Zeharka bada ere, Ordiziako azoka batu da borroka horretara.
Brokoli morea Ibarrako Monteseko Arantxa Iparragirrek eta Patxi Izagirrek izan dute salgai, pieza bakoitza 2,5 euroan. Horixe izan da azaroko azken feria honetako berritasun nagusia barazkiei dagokienez, fruten atalak ere eman duelako zer esana, Fuji motako sagarraren aurkezpenarekin. Aramako Zurutuza ahizpen postuan jarri dute salgai, kiloa 4 euroan.
Usoak, Lasaren postuan
Mikel Lasaren postuan izaten dira ehiza kontuak, eta duela aste batzuetatik salgai ditu eperrak. Gaur ere bazituen, 10 pieza, bakoitza 10 euroan, baina baita usoa ere. Lasak 40 uso jarri ditu salgai guztira, luma eta guzti eperrak bezala, 8 euroan bakoitza. Ikusmina eragin dutela esan behar da, hemengo ehiza guneetan asko ez dabilelako oraindik.
Lasa aipatuta, perretxikoak ere aipatu behar dira, tolosar horrek salgai jarritakoak, eta Barcinak eskainitakoak, baita plaza barruan hainbat postutan eskaini dituztenak ere. Eskaintza osoa hauxe izan da: 220 kilo onddo (14-30 €), 50 kilo nikalo (15-21 €), 52 kilo ziza hori (18-22 €) eta 10 kilo saltsa perretxiko beltz (22€).
Hiazintoak eta ilarrak
Berritasun gehiago ere izan dira gaur, loreen atalean horietako bat. Iñaki Azanzak hiazintoak jarri zituen salgai, oraindik erabat loratu gabe. Lore bakoitza 2,5 euroan izan du salgai.
Fruta saltzaileen gunera ere iristen produktu berriak, eta aurreko asteetatik Nafarroako orburua eta kardua erosi badaiteke, gaurtik ilarra ere bai, Almeriakoa (7,5 euroan kiloa, lekan).
Goizaneren Movemeber
Azaroaren 25eko aldarrikapenek bezala, gizonezkoen minbiziak eta beste gaixotasun batzuen inguruan kontzientziatzeko Movemeber mugimenduak ere izan du lekua gaurko ferian. Hala, Ordiziako Jakintza ikastetxeko DBH 4ko ikasleak Movemeberren alde dirua biltzeko pintxoak saltzen egon dira udaletxe azpian, eta parean, Moherri taldekoak zeuden, hainbat material saltzen.
Gainera Goizane eskulturari, Movemberren ikur den bibotea jarri diote.
Bisitariak euripean
Ohi bezala, bisitari taldeak ere izan dira gaur Ordizian. D’elikatuz zentroko gidarien eskutik eta euripean, herriko erdigunea ezagutzen eta azokako postuz postu galderak egiten eta erosten ibili dira Basque Culinary Centerreko ikasle talde bat eta Irungo Dunboa ikastetxeko LH 6ko ikasleak. Legorretako eskolako ikasle txikiak ere gerturatu dira gaur Ordiziara.
Datorren astean bisitari gehiago espero dira, Gipuzkoako24. odolki lehiaketa izango delako jokoan.