Laubide 18-24 tartean espaloi bat egiteko lanak hasi ditu Legazpiko Udalak
Domingo Agirre ikastetxeko sarreretako bat gune horretan dago, eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko helburua dute lanek.
Legazpiko Udaleko Hirigintza arloko teknikariek idatzi duten proiektuari jarraituz, hasi dituzte Laubide auzoko 18 eta 24 zenbakiko atarien tartean espaloi bat egiteko lanak, Domingo Agirre ikastetxeko sarreretako batean, hain zuzen. Art Eraikuntzak S.L. enpresa ari da lanak egiten, 45.006,45 eurokoa da aurrekontua eta bi hilabeteko iraupena izango dute.
Espaloi berria eginda, eskolara doazen oinezkoak babestea nahi du udalak, «bertatik segurtasunez ibili daitezen». Herritarrek 2021ean egindako eskariari erantzun dio horrela.
Lan hauekin, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeaz gain, gune horretan dauden eskailera tarteak konpondu eta argiztapen publikoa ere hobetuko dute.