Mikel Dominguez, Aspanogi elkarteko Legazpiko 'pirata'
Minbizia duten Gipuzkoako adingabeen familien elkartea da Aspanogi, eta aurten 25 urte bete ditu. Gaur 250 familia bazkide ditu, horietatik 30 Goierrikoak. Legazpiko Mikel Dominguez Fernandezena da bat.
Larunbatean, hilak 25, festa handia ospatuko du Aspanogik Donostiako Kursaal elkargunean. Minbizia duten Gipuzkoako adingabeen familiekin lan egiten duen elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta elkartasun jaialdi batekin ospatzeko asmoa du. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, Oinkari dantza taldea, Andoni Oilokiegi kantaria eta Xafla dira gonbidatuetako batzuk, baina ez garrantzitsuenak, azken titulu hori elkarteko ‘pirata’ txikientzat delako.
Nekane Lekuona elkarteko gizarte langileak gogoratu duenez, Aspanogi 1996an sortu zuten lau familiek, baina 1998ra arte ez zen hasi giza ekimenean, eta hortik hasita iritsi dira 25. urteurrenera. Urtetik urtera hazten joan den elkartea da, eta gaur 250 familia bazkide ditu, horietako 30 Goierrikoak. Familia bakoitzaren atzean pirata bat dago.
Izen hori, pirata, minbiziaren aurkako tratamenduen ondorioz ilea erortzen zaielako eta burua estaltzeko piratek bezala zapia jartzen dutelako da. Itsasoko olatuei ere aipamena egiten diela zehaztu du Lekuonak, «tratamenduan zehar, olatu zakarrak eta handiak daudenean bezala, batzuetan triste eta haserre egoten dira, baina itsasoa bare dagoenean bezala, alai, irribarretsu eta jolasteko gogoarekin ere egoten dira».
Minbizia duten haurrei eta gazteei zuzendutako pirata hitza Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei zor zaie. 2007an egindako Eskerrikasko lanerako sortu zuten, adingabeen minbizia gizarteratzeko helburuarekin.
Mikel, Legazpiko pirata
Legazpiko Mikel Dominguez Fernandez da pirata horietako bat. «Giltzurrunean orban bat ikusi zuten, eta txarra zenez, kendu egin zidaten», kontatu du 9 urteko legazpiarrak, «gero kimioa eta erradioa eman didate».
Duela hilabete eskas amaitu du tratamendua, «guztira sei hilabete izan dira», gehitu dute Agurtzane amak eta Miguel aitak. «Egun batzuk txarrak izan dira, beste batzuk hobeak… tripak nahastuta nituen, botaka egiten nuen, pila bat argaldu naiz, ilea galdu dut…», azaldu du Mikelek, baina orain pozik dago, dagoeneko jo duelako tratamendu amaiera irudikatzen duen urrezko kanpaia. Etapa berria hasi du orain familia osoak, baita kide txikienak diren 6 urteko Aiurrek eta urte beteko Jokinek ere.
Aspanogirekin hasieratik
Pediatra onkologoak berak jarri zuen familia harremanetan Aspanogiko Lekuona gizarte langilearekin, eta berehala hasi ziren elkarrekin lanean. «Oso irekiak izan dira, familia osoa elkarrekin dagoela erakutsi dute, une txarretan eta onetan, eta guri utzi digute beraiekin egoten, bai niri bai elkarteko psikologoari ere», azpimarratu du Lekuonak. Izan ere, «oso zaila da horrelako egoera bat kudeatzea».
Hala dela dio Miguelek, «albiste txar hori ematen dizutenean, mundua bukatzen dela dirudi, une horretan bertan dena gelditzen da, eta une batetik bestera dena aldatzen da. Oso gogorra da zure semea horrela ikustea, minbizia hitza bera entzutea ere beldurgarria da, eta beti txarrenean jartzen zara». Hori guztia irensteko Aspanogiren laguntza izan dute, «ikaragarri lagundu digute, gure euskarria izan dira».
Donostiako Ama-Haurren ospitaleko langileen profesionaltasuna eta laguntza ere eskertzekoa dute gurasoek, baita Mikelen Domingo Agirre ikastetxearen jarrera ere. «Eskolan aurretik bizi izan zuten antzeko egoera bat beste ikasle batekin, orain Aspanogiko kide oso aktiboa den Xabi Garmendiarekin, txikitan gaixo egon zenean, eta erraztasunak besterik ez dizkigute eman». Mikelek etxean jaso ditu eskolak, ez du ikasturtea galdu eta betiko ikaskideekin batera Lehen Hezkuntzako 4. maila egiten ari da, «oraindik etxetik», zehaztu du amak, «baina laster hasiko da bertara joaten».
Errutinara itzultzea
Tratamenduaren ondorioetatik errekuperatzen ari da orain Mikel, eta ilea ere hazten hasi zaio. «Oso pozik gaude denak», dio Miguelek, «errutinara itzultzen hasiko gara piskanaka». Izan ere, bizitza aldatu zaien arren, lehengoa berreskuratu nahi dute, «horren premia dugu, familia bezala, eta Mikelek ere bai, pertsona bezala». Hala ere, errutina ez zutela erabat galdu zehaztu du Miguelek, «eta eskerrak. Familian bost gara, bostak egon gara elkarrekin beti, eta txikienek asko lagundu dute».
Horrelako bizipen batek familia osoa hankaz gora jartzen duela nabarmendu du Lekuonak, etengabeko estres egoera batean egoten direlako, eta gurasoei dedikazio handia eskatzen dietelako. «Batzuk badute lanean murrizketa berezia eskatzeko aukera, beste batzuk baja hartzen dute. Ekonomikoki ere zama bat da, ospitalera joan-etorriak…».
Legazpiko familia hau etapa berrian eta itxaropentsuan dago murgilduta orain. Unean unekoari begira daude, «gerokoak, gero».