'AHT: ez-eraginkorra, bidegabea eta jasanezina' hitzaldia antolatu du Landarlanek azaroaren 29rako
Andoni Kortazar, David Hoyos eta Gorka Bueno Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariek egingo dute hitzaldia, D'elikatuz zentroan, 18:30ean.
Abiadura Handiko Trena: ez-eraginkorra, bidegabea eta jasanezina hitzaldia antolatu du Landarlan ingurumen elkarteak asteazkenerako, azaroaren 29rako. D’elikatuz interpretazio zentroan izango da, 18:30ean.
Abiadura Handiko Trena Nafarroatik Gasteizera lotzeko, Aralartik Ezkiora berriro eramateko proiektua aurrera doa. Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Iruña-Beasain zatirako zundaketa eskariak egin ditu Ataungo, Idiazabalgo, Olaberriko, Ormaiztegiko eta Ezkioko udaletan. Proiektu hori egingo balitz, AHTak bigarren aldiz zeharkatuko luke Goierri. Nafarroako Sakana eta Arabako Lautadako udaletan ere eskaerak egin ditu Espainiako ministerioak.
Horregatik, Landarlanek “beharrezkotzat” jo du goierritarrak informatzea, eta horretarako antolatu du hitzaldia, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa taldeko ikerlarien eskutik. Andoni Kortazar, David Hoyos eta Gorka Bueno irakasle eta ikerlariek egingo dute hitzaldia gaia azaltzeko. Euskaraz eta espainieraz izango da. “Beren ikerketen arabera, AHTaren ahalmena klima aldaketa, energia-kontsumoa eta beste ingurumen inpaktu batzuk murrizteko ez da nahikoa, oso jende gutxi garraiatuko duelako eta herritarron eguneroko eta merkantzien garraioaren beharrei erantzuten ez dielako”, azaldu du Landarlanek.