Argentinatik Brinkolara, familiaren sustraien bila
Brinkolako Arabaolatza, Etxeaundi eta Guruditegi baserrietan du jatorria duela 74 urte Argentinan jaiotako Pedro Guridiren familiak. Larunbatean auzoa eta hiru baserriak ikusten izan zen.
Pedro Guridi argentinarra da, eta han ikasitako euskara hobetzen ari da aste hauetan Lazkaoko Maizpide barnetegian. Joan den larunbatean tarte bat hartu zuen Brinkolara hurbiltzeko, han dagoelako bere familiaren jatorria.
Argentinar-euskaldun honek 2014an ezagutu zituen Brinkola eta Guridi familiaren sorlekuak diren Arabaolatza, Etxeandia –Etxeaundi gaur egun– eta Guriditegi baserriak. Orduan auzoko Iñigo Gorospe ezagutu zuen, eta ordutik sare sozialetan jarraitu dute biek harremana. Oraingo bisita Gorospek lagunduta egin du, eta hiru baserriak ikusteaz gain, auzotarrekin elkartzeko aukera ere izan du Pedrok, tartean urrutiko Guriditar ahaide batzuekin. Bisita hunkigarria izan da, berriz ere bere familiaren jatorria bertatik-bertara ikusi duelako.
Familiaren historia
«Pedro Guridi naiz, Argentinakoa, eta hona etorri naiz Maizpiden euskara hobetzeko. Gaur txango bat egiten ari naiz nire sustraien lekura», euskara garbi-garbian esanez aurkeztu zuen bere burua bisitariak larunbatean. Familiaren historia azaldu zuen ondoren: «Nire sendia XV. mendean Arabaolatzako burdinolara etorri zen, agian Seguratik. Gero Etxeandia eraiki zuten, eta XVII. mendean Guriditegi. Gero Legazpira joan ziren bizitzera, eta 1836an, Pedro Angel Guridi nire herenaitona Legazpitik Argentinara joan zen, lehen gerra karlistatik ihesi». Urte batzuetara Pedro Angel Legazpira itzuli zen, eta emaztearekin joan zen berriz ere Argentinara, Maria Jesus Zabaleta legazpiarrarekin ezkondu eta gero.
Pedroren arbasoetako batzuk legazpiarrak dira, baina «Gabiriakoak, Mutiloakoak, Zeraingoak, Zumarragakoak, Urretxukoak eta Oñatikoak ere baziren tartean, Arrikutz, Arrazola, Legorburu, Narbaiza, Zabarain, Mantxola, Elorregi, Mirandaola, Igaralde, Olaberria, Plazaola… baserrietakoak».
Argentinan jaiotako Guriditarren laugarren belaunaldikoa da Pedro, eta ez du ahaztu familiaren «sehaska». Abizena mantendu du, eta«ohiturak, euskara eta, gure bihotz barruan, euskaldun izatearen harrotasuna ere bai».
Pedro Guridik 74 urte ditu, eta abokatu, historialari eta historia irakasle gisa lan egin eta gero, jubilatuta dago orain, baina historiarekin jarraitzen du. Entre Rios probintziako Concepcion del Urugay hirian jaio zen, «han daude nire herenaitonaren eta herenamonaren hilobiak», eta orain Buenos Airesetik 1.000 kilometro iparraldera dagoen Misiones probintziako Posadas hiriburuan bizi da.
Maizpiden, ikasle
Aitonak irakatsi zion euskara «pixka bat», eta gero bere kabuz jarraitu zuen. Duela hiru urte, Zoom aplikazioaren bideo deien bidez Buenos Aireseko Euskal Etxeko euskara klaseak jarraitzen hasi zen, «eta orain Maizpiden nago, euskara hobetzen».
Barnetegia aste honetan amaituko du, eta gero Iparraldea ezagutu nahi du. Abenduaren 2an itzuliko da Argentinara, Madrildik bueltan, hemen 39 egun egin eta gero.