Eleganteen X. bilkura ardatz, Ander Deuna jaien lehenengo asteburuan
Bihartik abenduaren 3ra arte luzatuko dira jaiak. Lehenengoz, Ormaiztegiko haur jaioberriei ongietorria egingo zaie. Dantza jaialdia igandean, asteburua borobiltzeko.
Bihar arratsaldean hasita, datorren abenduaren 3ra arte ospatuko dituzte aurten, Ormaiztegiko Ander Deunaren jaiak. Aste guztian zehar festa-aurreko giroa nabaria izan da herriko kaleetan eta dena prest dago jaiei ongietorria emateko. Jada, Ormaiztegiko jaien ikur bihurtu diren hainbat ekintza errepikatuko dira aurtengo egitarauan —Eleganteen eguna, haurren danborrada, etab.— baina, berritasunik ere badakarte 2023 honetako Ander Deunaren jaiek: Ormaiztegin jaiotako haurrei ongietorria egingo diete, lehenengoz gaur arratsaldean.
Arratsaldean zehar, Triki txarangaren musikak girotuko ditu txupinazora arteko orduak. Ohi bezala, 19:00etan botako dute txupina udaletxetik, baina aurretik, 2021 eta 2022 urte artean jaiotako 27 ormaiztegiarrei herrira ongietorria egingo diete, aurten estrainekoz. «Guraso elkartetik iritsi zitzaigun proposamena. Aurreko bi urteetan jaio diren haurrei jaietako zapia jarriko diegu txupinazoaren aurretik», azaldu du Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak. Ekitaldia udaletxe azpiko sarreran izango da, «zapiak pertsonalizatuta daude, norbere izenaz gain, zein urtetako kintoak diren ere agertzen da. Etorkizunean hor izango dute oroigarri gisa», zehaztu du Enrikek.
Buruhandien kalejira, Jundajo txarangaren kalejira eta Futbito txapelketako finalak osatuko dute afal aurreko egitaraua. Gauean, Ezezez eta Silitia taldeen kontzertua izango da, karpan.
Eleganteen X. Bilkura
Eleganteen eguna izango da bihar, eta azken urteetan ohitura bihurtu denez, Zumalakarregi museoak antolatutako XIX. mendeko eleganteen bilkura ere bai. Aurtengoa hamargarren aldia izango da eta horregatik, berezitasunen bat edo beste dakartza ekimenak. Zumalakarregitik jakitera eman dutenez, «museoak antolatutako jantzigintzako tailerretan sortutako jantzi berriak estreinatuko dira», batetik, eta bestetik, «Eleganteen paseoan Errenteriako Jantziaren zentroaren izenean, Iraultza dantza taldeko zenbait kidek parte hartuko dute».
Photocall-a 12:00etatik aurrera jarriko dute eta Eleganteen bilkuraren osagarri, Ormaiztegiko bainuetxea erakusketa eta garaiko autoen eta txirringen erakusketa izango dira ikusgai. Museotik bainuetxe zaharrerainoko paseoa 12:30ean hasiko da.
Danbor hotsa eta dantza
Haurren danborradak emango dio hasiera igandeko egitarauari. 12:00etan aterako da Zubipe kiroldegitik eta euririk egin ezean, herriko kaleetan zehar egingo du ibilaldia. Euriarekin, Zubipen egingo da ekitaldi osoa.
Jaietako lehendabiziko asteburu honi amaiera emateko, 17:00etan Goruntz dantza taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du Zubipen.
Ikusi jaietako egitaraua osorik ondoko estekan:
Ander Deunaren Jaiak 2023 Egitaraua _Ormaiztegiko Udala_web