Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra ahotsa goratuko du Goierrik
Adingabeenganako sexu indarkerian jarri du fokua Eudelek. Aske bizitzeko eskubidea aldarrikatuko du Mugimendu Feministak. Sozialismoa eraikitzeko deia egingo du Itaiak.
Larunbatean, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta, Goierriko herritarrak kalera irtengo dira indarkeria matxistari aurre egin eta feminismoa oinarri duten neurriak eskatzeko. Udalerri bakoitzeko talde feministek zein instituzioek mobilizazioak, adierazpen instituzionalak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte.
Eudel, adingabeekin
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egun honetan,«sexu-indarkeriak adingabeetan duen gero eta eragin handiagoan» jarriko du arreta Eudelek, «indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu».
Eudelen adierazpenean jasotako datuen arabera «sexu delituen %40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak». Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen eta adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoek ere «gora» egin dute. Baita laguntza espezializatuaren eskaerek ere. Azken horri dagozkien datuek erakusten dute «neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko».
Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak «genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana» direla diote. Era berean, ohartarazi dute «adingabeen artean estereotipoak hedatzen» ari direla, baita «haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu hastapen goiztiarrari buruzkoak ere», batik bat, «sare sozialen bidez», ohartarazi dute. Ondorioz, «harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da».
Eudelen adierazpenarekin, euskal erakundeek «eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatzeko konpromisoa» hartu dute.
Kalera ateratzeko deiak
Azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorraren atarian, eta horren lanketan buru-belarri murgilduta dagoen bitartean, larunbat honetan, azaroaren 25ean, kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak! Bizirik, libre eta antolatuta lelopean, mobilizazioak deitu dituzte hiriburuetan. Goierrira ere iritsiko dira aldarriak.
Itaiak ere altxatuko du ahotsa, Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki! lemapean deitu dituzte mobilizazioak.