«Muxika eremuan ezinezkoa izango da etxebizitzak eraikitzea»
Jon Enrikek (Legazpi, 1966) hirugarren legegintzaldia du Ormaiztegiko udal gobernuan. Hasitako proiektuak aurrera eramateko erronka du datozen lau urteetan.
Argazkia: Josune zarandona - Goierriko Hitza Maiatzeko hauteskundeak egin zirenetik hilabete batzuk pasa dira jada. Udaleko jarduna ez da berria zuretzat, baina zer sentsazio dituzu legegintzaldia hasi berritan?
Ormaiztegi Batzenen (OB) ia lan talde osoa berritu da legegintzaldi honetarako eta hortxe genuen erronka nagusia. Oso gustura gaude, erreleboa hartuta martxa onean ekin diogu legegintzaldiari.
Hauteskunde kanpainan OB-ren berezitasunak azpimarratu zenituen. Zeintzuk dira zuena bezalako herri kandidatura baten eta alderdi politiko baten arteko ezberdintasunak?
Guk Ormaiztegirentzat egiten dugu lan. Azken bi legegintzaldietan ez dugu Ormaiztegi ardatz ez duten mozio politikorik eraman batzarretara, adibidez. Herriarentzat lan egitea da gure helburu nagusia.
Hirugarren legegintzaldia da zuretzat. Nola ikusten duzu zure burua?
Gogotsu nago. Aurreko legegintzaldietan hasitako proiektuak aurrera eramateko eta amaitzeko erronka daukat. Administrazioan lan egiteak gero eta gehiago eskatzen du, eta alde horretatik eskarmentua badaukat.
Hauteskundeetara itzulita, udal gobernuan bigarren indarra den EH Bildu botoetan bikoiztu egin zenuten. Zein irakurketa egiten duzue emaitza horien gainean?
Guretzat emaitza oso pozgarriak izan ziren. Bi legegintzalditan udal gobernuan egon eta gero, oraindik ere horrelako emaitzak izateak indartu egiten gaitu.
Abstentzioa hauteskundeetako beste protagonistetako bat izan zen. Kezkatuta agertu zinen botoa ematera joan ez zen jende kopuruaren gorakadaren aurrean.
Orokorrean, politikarekiko atxikimendua gero eta txikiagoa da, are gehiago gazteen artean. Hori da hitz potoloetan esanda, politikak duen erronka handietako bat: jendea politikara erakartzea. Politika beharrezkoa da. Eta politika diodanean herrigintzaz ari naiz. Oso zaila da zerrendak osatzea, baita edozein ekintza antolatzeko boluntarioak bilatzea ere. Datorkigun gizartea da eta horretara moldatu beharra daukagu, baina niri kezkagarria egiten zait.
Hauteskunde programan Ormaiztegik duen etxebizitza beharra azpimarratu zenuen. Legegintzaldi honetan Muxika eremuan etxebizitzak eraikitzen hasiko zirela aipatu zenuen.
Azkenean, Muxikan ez da etxebizitzarik egingo. Herrian etxebizitzak eraiki ahal izateko eremu publiko bakarra da Muxika, baina Moyua ingeniaritzari eskatu genion azterketa hidraulikoaren azken emaitzak oso garbiak dira: eremuak duen uholdegarritasun arrisku handiagatik ez da bideragarria bertan ezer eraikitzea. Egin daiteke, baina egin beharreko azpiegiturek suposatuko luketen kostuak ikaragarriak dira: etxebizitza bloke bat egin ahal izateko, adibidez, ia bi milioi euro gastatu beharko genituzke azpiegitura lanetan. Uholdegarritasun arazoa orokorra da herrian, praktikan herri guztiak baitu arrisku handia, eta horrek asko mugatzen gaitu edozer eraikitzerako orduan.
Antonene eremua da, hortaz, etxebizitzak eraikitzeko geratzen zaizuen eremu bakarra.
Bai, eraikigarria den eremu bakarra Antonene da, baina jakina denez, jabetza pribatukoa da. Eremu horretan etxebizitzak eraiki ahal izateko saiakera asko egin ditugu azken zortzi urteetan. Gaur gaurkoz, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Visesa sozietate publikoarekin eta jabeekin negoziazio lanetan dabil udala. Jabeak badirudi eremua saltzeko prest daudela, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak egiteko. Baina Jaurlaritzak eraikitzen dituen ia etxebizitza guztiak alokairukoak dira. Guri alokairu soziala egitea interesgarria iruditzen zaigu, baina bestelako jabego motak ere behar ditugu. Jendea erakarri beharra daukagu Ormaiztegira. Gaur bertan bigarren bilera bat daukagu Eusko Jaurlaritzarekin eta jabeekin, ea adostasun batera iristeko gai garen, eta lehenbailehen martxan jartzen dugun.
Lehentasunezko gaia da hortaz, etxebizitzak eraiki ahal izatea udal gobernuarentzat.
Ormaiztegin etxebizitzak eraikitzea, epe ertainean konpondu beharreko arazoa da. Gure zerbitzuak mantendu nahi baditugu, ezinezkoa izango da gaur egun daukagun populazioarekin. Poliki poliki bada ere jaisten ari da. Herri eskolan, adibidez, azken hamar urteetan 50 matrikulazio gutxiago izan ditugu, eta horrek arriskuan jartzen du herri eskola bera. Jendea Ormaiztegira bizitzera etortzea behar dugu. Hori da erronka nagusia eta oso garbi daukagu.
Tren geltokia irisgarriago egitea da beste erronketako bat.
Gai honi lotuta ere ari gara sukalde lana egiten. Lehenengo eta behin, aukera ezberdinak aztertu dira, gai konplexua delako. Zubi zaharrean geltokiraino iristeko igogailu bat jartzeko planteamenduari heldu diogu.
Zer dio Adifek?
Hainbat bilera egin ditugu Adifeko Ondare eta Geltokietako sailekin, eta hasiera batean, ados agertu dira proiektuarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare sailari ere aurkeztu diogu proiektuaren txostena. Oraindik ez dugu erantzunik jaso, baina aldekoa izango dela uste dugu.
Renferena da, dena den, lanak exekutatzeko ardura.
Renferekin biltzea falta zaigu. Bi aste barru elkartuko gara berriz alde guztiak xehetasunak adostu eta proiektu exekutiboa idazten hasteko. Epe luzera begirako proiektua da. Eta behin zehaztuta diru laguntzak eskatu beharko ditugu. Dena den, garrantzitsuena, orain, buruan dugun proiektua egingarria den edo ez zehaztea da, eta horretan gabiltza.
Aipatutakoez gain, zein erronka nagusi ditu Ormaiztegik?
Asko orokortuta, bi erronka nagusi azpimarratuko nituzke: bata, Agenda 30a eta, bestea, zaintzari lotutakoa.
Zer du Agenda 30ek?
Udalak hainbat bete behar ditu energia aurreztearekin lotuta: kontsumoa jaitsi, auto sorkuntza sustatu, eraikinak egokitu… Bide publikoan egokitzapenak eginak ditugu, baina erakinetan lan dezente daukagu egiteke. Oraintxe ari gara udal eraikin guztien azterketa teknikoak egiten. Urtero eraikin bat egokituko dugu kontsumoan aurrezteko.
Eta zaintzak?
Ormaiztegin gero eta gehiago dira adinduak eta horiei lotutako zerbitzuei buelta bat eman beharrean gaude. Orain arte indarrean izan ditugun zerbitzuak handitu eta egokitu beharko ditugu, epe motzera.
Nolako legealdia aurreikusten duzu. Nolakoak dira oposizioarekin dituzuen harremanak?
Oposizioko alderdiarekin, EH Bildurekin elkarlana ona izan da orain artean, eta sintonia berean jarraitzen dugu legegintzaldi honetan ere.













