Kup Taldeak itxiko du aurtengo Barroko Aire zikloa, igandean
Azaroko igandeetako Barroko Aire zikloko azkena izango da. Aurretik emanaldiak eskaini dituzte The Three Ravens, Musbika Ensemble eta Expressio taldeek.
Musika barrokoa izan da protagonista azaroko igandeetan Ordiziako Parrokian Barroko Aire zikloko emanaldiekin. Kup Taldeak itxiko du aurtengo zikloa, igandean, 18:30ean, elizan.
Azaroaren 5ean hasi zen Barroko Aire, The Three Ravens emanaldiarekin. Izen bereko baladan oinarrituta, ipuin musikatua eskaini zuten Ana Camilok (ahotsa eta narrazioa), Amaia Blancok (kontrabaxua) eta Arrate Zubigaraik (klabea). Azaroaren 12an, berriz, 2016an Elgoibarren sortutako Musbika Ensemble ganbara musika taldearen emanaldi dinamikoa izan zen, eta azaroaren 19an, aurreko igandean, Maria Zubimendi eta Garazi Navasek osatutako Expressio akordeoi duoak egin zuen kontzertua.
Kup Taldearena azkena izango da. 2003an Gabriel Baltes Musikeneko koru zuzendaritzako irakasleak sortua, 30 pertsona inguruk osatutako korala da.