Liga erregularrari berrekingo dio Ampo Ordiziak igandean, Valladoliden
El Salvador taldearen Pepe Rojo zelaian jokatuko du talde goierritarrak, 13:00etan. Hiru asteburuko etenaldia izan dute.
Ampo Ordiziak igandean berrekingo dio Ohorezko Mailako liga erregularrari. Hiru asteburutan ez dute partidarik jokatu, selekzioen partidak medio. Ohorezko Mailako azken partidak urriaren 28ko asteburuan izan ziren. Talde goierritarrak Complutense Cisneros Madrilgo taldearen aurka galdu zuen azken partida hori, 19-38, Altamiran.
Liga erregularreko bosgarren jardunaldia izango da asteburukoa. Ordiziak El Salvador taldearen Pepe Rojo zelaian jokatuko du igandean, 13:00etan, Valladoliden. Jokatutako lau partidetatik hiru galdu eta bakarra irabazi du Ampo Ordiziak. Klubak denboraldi hasieran egindako aurkezpenean adierazi zuen, dena den, aurtengo helburu nagusia taldea egonkortzea dela. Baina mailari eutsi nahi diote.
Ligako lehen itzulia urtarrilera arte luzatuko da. Hamaika jardunaldi izango dira guztira. Igandekoarekin, zazpi partida gelditzen zaizkie aurretik ordura arte. Bosgarrena jokatuko dute asteburuan. Bost punturekin, hamaikagarren postuan dago Ampo Ordizia. Atzetik talde bakarra dauka, Pozuelo Rugby Union, eta aurretik, puntu berdinekin, Silicius Alcobendas Rugby eta El Salvador. Lehenengo postuan dagoen VRAC Quesos Entrepinares taldeak 18 puntu dauzka jada.