Seitik lau partida irabazi dituzte Oianguko palariek bigarren jardunaldian
Hirugarren jardunaldian hiru partida izango dituzte etxean. Hirurak bihar izango dira, 19:30ean, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan.
Emaitza onak lortu dituzte Oianguko palariek Gipuzkoako pala motzeko txapelketako bigarren jardunaldian. Sei partidetatik lau irabazi zituzten aurreko asteburuan. Gaur eta bihar izango dituzte hirugarren jardunaldiko partidak.
Bigarren mailan, Oiangu4ko bikoteak (Irastorza-Elorza) Oiangu1eko bikoteari (Ormazabal-Samaniego) irabazi zion, 40 eta 17. Oiangu2koek (Ropero-Garrido) Altzatarrakekoen aurka galdu egin zuten. Oiangu3ko bikoteak (Otegi-Etxeberria), 40-26 irabazi zion Gaztelekuko bikoteari. Oiangu5eko bikoteak (Gonzalez-Agirrezabal) hiru tantogatik galdu zuen Azpeitian. Lehen mailan, berriz, Oiangu1eko bikoteak (Ibarguren-Olaran) 40-29 irabazi zion Gazteleku2ko bikoteari, eta Oiangu2ko bikoteak Oiartzunen irabazi zuen, 21-40.
Hirugarren jardunaldian hiru partida izango dituzte etxean oiangutarrek. Etxeko hirurak bihar izango dira, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, 19:30etik aurrera. Bigarren mailan, txapelketako derbia jokatuko da, Oiangu3 eta Oiangu1eko bikoteen artean, eta Oiangu4koek Altzatarrakekoen aurka jokatuko dute. Lehen mailan, berriz, Oiangu2ko bikoteak Errepala1 bikotea izango du aurrean.
Etxetik kanpo bi partida jokatuko dituzte. Lehen mailako Oiangu1eko bikoteak Errenterian jokatuko du gaur, eta bigarren mailako Oiangu2ko bikoteak bihar, Donostiako Altza auzoan.