Senar, Zubizarreta eta Albisu, hiru ataundarrak igandean Seguran
Bihar hasiko dira 2024ko Binakako Txapelketak, bai EPELen maila nagusian, bai Promozioan (Serie B deitu diote aurten). Goierriko lau profesionaletatik hiru sartu ditu Baikok pilotari koadroetan. Xabi Erostarbe urretxuar atzelaria ez da ariko.
Maila nagusian, Jon Ander Albisu da ordezkari goierritar bakarra. Ataundarrak Jon Ander Peña tolosarrarekin osatuko du aurten ere bikotea. Hirugarrenez egingo dute bikote. 2020-2021ean finala jokatu zuten, eta galdu egin zuten Elezkano II.aren eta Zabaletaren aurka. Hurrengo ekitaldian berriz elkarrekin jarri zituzten, baina kanporaketan galdu zuten.
Serie B bigarren mailako txapelketan, Baikok Iraitz Zubizarreta aiarra Gorka Ugartemendia alkizarrarekin jarri du. Apirilean egin zuen debuta 20 urteko atzelariak; Zubizarreta III.a, berriz, Lau eta erdiko Promozioko txapela jantzi berria da.
Hiru ataundarrak jaialdian
Lehen jardunaldiko jaialdi bat, igandekoa, Segurako Baratze pilotalekuan jokatuko da (17:00, ETB1). Sarrerak 25 euroan ari dira saltzen. Ataundar kolorea izango du, bertako hiru profesionalek jokatuko dutelako: Artola-Imaz eta Peña-Albisu artekoa da maila nagusiko partida.
Serie B-koan, berriz, Senarren debutekoan, bi ataundar aurrelariak elkarren aurka ariko dira. Zubizarreta III.a-Ugartemendia batetik, eta Senar-Eskirotz bestetik. Beñat Senarrek Larrazabal ordezkatuko du, lehen jardunaldi honetan.