Emakumeen 2. Frontenis txapelketa jokatuko dute bihar Igarondon
Bigarren urtez jarraian jokatuko dute bihar Emakumeen Frontenis txapelketa herrikoia, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Ihintza Imaz, antolatzaile eta jokalarietako batek azaldu duenez, “emakumea frontoira gerturatzeko eta frontenisean gabiltzan emakumeen topagune izateko aitzakian” antolatzen dute ekimena. Txapelketa herritar batzuen ekimenez antolatu dute Idiazabalgo Udalaren laguntzaz.
Aurten, sei bikotek eman dute parte hartzeko izena: “hiru bikote idiazabaldarrak dira, beste bat Berrobikoa, beste bat Zizurkil-Urretxukoa eta azken bat bizkaitarra”, zehaztu du Imazek.
Txapelketa ligaxka formatuan jokatuko dute eta partidak 22ra izango dira: “hiru bikoteko bi talde egin ditugu. Bi ligaxka jokatuko dira, denak denen aurka. Ligaxka bakoitzeko lehendabiziko bi bikoteek finalerdiak jokatuko dituzte. Ondoren, finalaurrekoa eta finala”. Txapelketari 10:00etan emango diote hasiera eta finala 13:00ak inguruan jokatuko dela aurreikusi dute antolatzaileek.