Taberna, musika areto eta muslarien tenplu
Karibe Zaharra Legazpiko taberna mitiko bat izateaz gain, inguruko musikarien artean oso ezaguna da hamabostero antolatzen dituen kontzertuengatik. Orain, mus txapelketak ere egiten dira bertan.
Kontsumitzeko ohitura berrien ondorioz, tabernak ez dira garai batekoak, eta bezeroak erakartzeko, ostalaritza zerbitzu hutsetik harago doan lana egin behar izaten dute tabernariek. Legazpiko Karibe Zaharrean, esaterako, jarduera osagarriak gehitu dizkiote ohiko martxari. Hala, hamabostero musika emanaldiak antolatzen dituzte duela urte batzuk, eta aurtengo urriaren hasieratik, mus azkarreko txapelketak ere bai, horiek ere hamabostero.
Joseba Telleria Jusepe eta Garazi Mellado dira historia luzea duen taberna honetako gaurko jabeak, eta bi egitasmoen bultzatzaileak.
Musika emanaldiak, 2009tik
Tabernako telebistan botatzen zituzten futbol partidekin nazkatuta zeuden bi bezero gaztek bota zuten Karibe Zaharrean kontzertuak egiteko ideia. 2009a zen, eta bezeroak, Yerko Ortiz eta Alain Narbona musikariak. Iusepek ideia jaso, eta kontzertu bat egiteko enkargua egin zien. Lehen emanaldian Yerkok berak jo zuen, Tolosako beste musikari batzuekin.
Handik aurrera, makina bat kontzertu egin dituzte tabernan, eta ideia izan zuten bi musikari haiek behin baino gehiagotan jo dute bertan. Ostiral gauetan izaten ziren hasieran kontzertuak, maiztasun zehatzik gabe, baina arratsaldeetara pasa ziren gutxira, bizilagunak ez molestatzeko. Hamabostero egitera pasa ziren azkenik.
Leku askotako eta estilo desberdinetako musikariek eta musika taldeek jotzen dute Karibe Zaharrean, baita atzerritakoek ere, eta hamabosteroko kartelera osatzeko ez dute arazorik izaten, beti dagoelako baten bat prest. Une honetan, datorren urteko apirilera arteko agenda beteta dute. Agenda hori osatzeko, beste musikari baten laguntza izaten dute, Iñigo Caballerorena eta haren bikote Idoia Gabilondorena. Kontzertu egunetan, berriz, Sindo Mellado Garaziren aita aritzen da soinu teknikari lanetan, musikariak mimatzen.
Gaur, Feline
Gaur kontzertu ostirala da Karibe Zaharrean, eta Bizkaiko Feline laukoteak joko du, 19:30etik aurrera. Punk, dark pop eta glam rock estiloak lantzen dituzte 2019an elkartu ziren Gernika-Lumo eta Bermeoko lau musikariek.
Legazpira Jan Zu izenburupean kaleratu berri duten bere bigarren lana aurkeztera etorriko dira. Iaz argitaratu zuten lehen lana, Feline izenekoa.
Mus txapelketak
Jendeak gustukoa du zuzeneko musika, eta kontzertuen aitzakiarekin, taberna bete egiten da ostiral arratsalde eta gauetan hamabostean behin. Baina kontzerturik gabeko ostiralak ere dinamizatu egin nahi zituzten Jusepek eta Garazik, eta urriaren hasieratik mus txapelketa azkarrak antolatzen dituzte.
Mus jokalari asko dago Legazpin eta inguruan, eta horietako batek, Imanol Aranburuk egin zien proposamena. Oraingoan ere amuari heldu diote tabernariek, eta ez dira damutu, muslari asko inguratzen direlako txapelketa horietara eta ostiralei mugimendua emateko helburua bete dutelako berriz ere.
Ibilbide luzeko taberna
Karibe Zaharraren historia ezagutzeko 1961eko apirilaren 29raino joan behar da. Orduan ireki zuen Antonio Goñik Kale Nagusitik Nafarroa kaleraino zihoan Caribe taberna, Zacarias Cantero eta Begoña Garitanoren eskuetan utzita. Bikoteak urte betera erosi zion negozioa Goñiri, eta 1984ra arte eraman zuen, Iñaxio eta Javier Oria anaiei saldu arte. Oriatarren tabernako langileen artean, familiartekoak ziren Agustin San Martin ‘Txamar’ eta Jusepe zeuden.Caribe bitan banatu zuten 1987an. Kale Nagusian, Karibe Berria egin zuten eta Jusepe eraman zuten kamarero; Nafarroa kaleko zatian Karibe Zaharra geratu zen, eta han, Txamar kamarero. 1990eko azaroan, Jusepek eta Txamarrek Karibe Zaharra erosi zuten, eta duela 26 urte obra handia egin, eta tabernak orain duen itxura hartu zuen.
Garazi, Txamarren iloba, 2012ko Gabonetan hasi zen lanean tabernan. 2022ko otsailaren 1ean osabaren negozioaren zatia hartu zuen. Gaurko Karibe Zaharreko jabeak, beraz, Jusepe eta Garazi dira, nahiz eta Txamar oso gertu duten, beti laguntzeko prest.