N-1etik Idiazabalera sartzeko lotune batean konponketa lanak egingo dituzte astelehenean
Idiazabal iparraldera sarbidea duen bide-adarra moztuko du, Donostiarako noranzkoan, Etzegaratetik datozen ibilgailuentzat, 07:00etatik 14:00etara.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, errepideak artatzeko dituen eskumenen barruan, bide-zoruak konpontzeko lanak egiten ditu urtero. Aurtengo kanpainan, GI-2637 errepidearen sarbide den Idiazabal iparraldeko lotunean jardun behar da, N-I errepidearen 416 kilometro puntuan.
Lana ahalik eta modurik egokienean egin ahal izateko, zehazki, Idiazabal iparraldera sarbidea duen bide-adarra moztuko da, Donostiarako noranzkoan, Etzegaratetik datozen ibilgailuentzat, azaroaren 27ko (astelehena) 7:00etatik egun bereko 14:00etara.
Idiazabalera sartu ahal izateko, 413 kilometro puntuko irteera erabiltzea gomendatzen du aldundiak (Idiazabal hegoaldeko sarbidea), edo Ormaiztegiko lotuneraino (417 KP) jarraitzea eta noranzkoa aldatzea.